Gogoko tokian, aldaparik ez
Ia 60 txirrindularik hartu dute parte Segurako eskolarteko proban. Kimu eta haur mailako lasterketez gain, benjaminek hastapeneko proba izan dute.

Gogoko tokian, aldaparik ez. Hori dio esamoldeak. Eskolartekoen Segurako txirrindulari lasterketa urteko proba gogorrenetakoa da neska-mutilentzat. Eskolartekoak zirkuitu lauetan ibiltzen dira gehienean. Segurakoa, ordea, bestelakoa da. Herriaren beheko aldetik, Santa Krutz ermita ingurutik, kale nagusian barrena plazaraino joaten dira txirrindulariak. Handik, goruntz jarraitzen du zirkuituak, komenturaino. Bertatik, Zerkalde kalean behera, berriro ere alde zaharraren beheko zatiraino joaten dira txirrindulariak. Desnibel handiko proba da, baina lasterkari guztien aurpegi nekatuen atzean irribarrea nabaritu zitekeen.
Goizeko hamarrak aldera ekin diote gazteenek hastapen probari. Bederatzi benjaminek bi itzuli eman dizkiote Segurako plazan hasi eta amaitzen den zirkuituari. Ondoren, kimu mailako lasterketari eman diote hasiera. Bertan, 24 neska-mutil aritu dira norgehiagokan. Lau itzuli eman dituzte eta lasterkariak erabat sakabanatuta iritsi dira.
Kimu mailako proban izandako eroriko bat medio, haur mailako lasterketa atzeratu egin da. Behin egoera bere onera etorrita, 25 parte hartzaileek probari ekin diote. Zaharrenak izanik, zortzi itzuli eman behar izan dizkiote Segurako alde zaharra inguratzen duen zirkuituari.
Goierriko Txirrindularitza Bultzatuz taldeko txirrindulariez gain, inguruko beste hiru elkartetako txirrindulariek hartu dute parte Seguran: Andoaingo eta Oriako Txirrindularitza Elkarteetakoak zein Danena Kirol Elkartekoak. Guztira, ia 60 neska-mutilek hartu dute parte Segurako Txirrindulari Elkarteak antolatutako proban.
Sailkapenak