Ikusle ugari erakarri ditu Legazpiko prozesioak
Legazpin, Aste Santuko prozesioa ospatu dute gaur arratsaldean. Jende ugari elkartu da Nafarroa kalean eta Kale Nagusian zehar.
Legazpiko parrokiaren inguruan desfilatu dute zazpi pausoek. / A.Garmendia Aste Santua iristear den honetan hasi dira danbor hotsak entzuten. Legazpin gaur arratsaldean egin dute prozesioa. 19:00etan abiatuta, herriko zazpi pausok desfilatu dute. Parrokiatik hasi, Nafarroa kalea zeharkatu eta Kale Nagusian zehar parrokiara itzuli dira. Bi zaldik ireki dute prozesioa eta beren atzetik eraman dituzte lorez apaindutako zazpi figurak. Balio handikoak dira pausoak, bat XVIII. mendekoa da.
Egiazko Gurutzearen Kofradia (Cofradia de la Vera Cruz) kultur elkarteak jende ugari batu du prozesioa antolatzeko. Haurrak, gazteak, helduak… guztira 80 lagun inguru batu dira pausoak garraiatzeko eta bestelako lanetarako. Are eta gehiago izan dira prozesioa kanpotik ikusten aritu direnak. Gazte zein zahar, Legazpiko parrokiaren kanpoaldea jendez lego egon da prozesioa ateratzera zihoanean. Gerora, pausoen atzetik abiatu dira zenbait ikusle.
Musika bandarik gabe, megafoniak girotu ditu kaleak. Aste Santuko ohiko kantuek hartu dituzte Legazpiko kaleak. 2018an itzuli zen prozesioa Legazpira, ia 40 urtez ospatu gabe egon ostean. Orduan, parrokiako sotoan zeuden figurak berreskuratu eta jendaurrera ateratzeko prestatu zituzten. Gaur, aro berriko hirugarren prozesioan, herritar andana baten aurrean desfilatu dute pauso horiek.
Seguran, prest
Legazpiko prozesioari Segurakoek hartuko diote txanda. Ostegun eta Ostiral Santuz egingo ditzute, bi urtez bertan behera geratu ostean. Atzo egin zituzte prestaketa lanak. 60 lagun inguru elkartu ziren; santuak janzten eta azken konponketak egiten aritu ziren.













