Arraten irabazita Euskal Herriko Itzulian bigarren geratu da Ion Izagirre
Txapela erabakitzeko zegoela Ormaiztegiarrak erorikoa izan zuen helmugarako hiru kilometroren faltan, eta guztia galduta zirudienean altxatu eta amaiera epikoa eman dio Itzuliari
Ion Izagirrek (Cofidis) irabazi du Itzuliko azken etapa Arraten eta bigarren amaitu du sailkapen nagusian Daniel Felipe Martinezen (Ineos) atzetik.
Txapela lortzeko borrokan, dena zabalik zegoen eta espero zen bezala, etapa eta sailkapen nagusia azken igoeran erabaki zen. «Arrateko igoeran ondo sentitzen nintzen», adierazi zuen ormaiztegiarrak. Baita erakutsi ere. Helmugara iristeko hiru kilometroren faltan, santutegirako igoera sekula baino malkartsuago jarri baitzen; txirrindulari talde bat lurrera joan zen, tartean Izagirre bera. Ormaiztegiarrak baina, lurretik altxatzea lortu eta ikuskizun epikoa eskaini zuen, eta talde buruarekin elkartzea lortu zuen. Gipuzkoarra indartsuena izan zen, inongo zalantzarik gabe.
Ion Izagirreren meritua handiagoa izan zen. Ezbeharraren ondoren aurkariak harrapatzeko gai izan zelako, Marc Solerren gurpilean azken zuzengunean ondo kokatuta sartu zelako eta Arraten esprintean Vlasoven, Daniel Felipe Martinezen, Vingegaarden (bosgarren, hiru segundora) eta Pello Bilbaoren (seigarren, hamahirura) aurretik gailendu zelako.
Daniel Felipe Martinezek 11 segundo atera zizkion Ion Izagirreri, 16 Vlasovi, 21 Evenepoeli eta 32 Pello Bilbaori eta Jonas Vingegaardi. Primoz Roglicek, faborito nagusiak, zortzigarren bukatu zuen Marc Solerren atzetik.
«Hunkituta nago»
«Nahiko etapa mugitua izan da. Etapa zein gogorra izan den ikusi ahal izan da. Txirrindulari batzuk erori egin dira, ni tartean, baina irabazteko aukera izan dut. Oso pozik nago», aitortu zuen Izagirrek lasterketa amaitu eta segituan.
Egindako esfortzuak merezi izan zuen; «Hunkituta nago. Erorikoarekin dena galduta ikusi nuen, eta, beraz, hemen, Arraten, irabaztea Itzulia amaitzeko modu ezin hobea da, baita nire familia eta lagunen aurrean ere, eta beti bezala, zaleek lagunduta. Oso pozik amaitzen dut lasterketa», esan zuen txirrindulari ormaiztegiarrak Arraten.
Palmaresa
Izagirrek (Ormaiztegi, Gipuzkoa, 33 urte), 2019ko Itzuliaren irabazleak, bere lehen garaipena lortu du Cofidiseko maillotarekin, eta bere palmaresean bi garaipen lortu ditu euskal itzulian, eta horrez gain, txirrindularitzaren hiru proba handietan ere lortu ditu hainbat etapa: Tourra, Giroa eta Vuelta. Gainera, estatuko tituluak lortu ditu errepidean eta erlojupekoan.













