Gaztagintza sektorearen erronkak landu ditu European Cheese Route-k
Idiazabalgo Udala elkarteko kide da eta aurreko astean bilera egin zuten Madrilen.
European Cheese Route elkarteak datozen urteetan gaztagintza sektoreak izango dituen erronkak landu ditu. Elkarteko Zuzendaritza Batzordeko kideek, tartean Idiazabalgo Udalak, bilera egin zuten aurreko astean, apirilaren 7an, Madrilen, sektorearen alde egin beharreko lanak adosteko. 2022-2023 urteetan egiteko ekintzak aztertu eta baloratu zituzten bileran. Gaztandegien eta Azoken Araudia onartu zuten, gaztandegien parte hartze zuzena sustatu eta kide eta lurralde bakoitzak egingo dituen azokak egituratzeko. Elkarteak ohar bidez azaldu duenez, digitalizazioa eta berrikuntzak bultzatuko dituzte: “Lurralde bakoitzeko gaztandegiak modernizatzeko ekintza berritzaileak egitea adostu du elkarteak, sektoreak behar dituen inbertsioak eginez, lurralde bakoitzeko turismoa sustatzeko”. Bertan izan ziren Iñaki Alberdi Idiazabalgo alkate eta European Cheese Route-ko lehendakaria eta Elixabet Lopez de Munain Idiazabalgo Udaleko Turismo eta Garapen ekonomikoko teknikaria. Gaztagintza oinarri duten herrien arteko sarea da European Cheese Route, sektorearen eta tokian tokiko lan moldeen sustapena helburu duena.