Loinatz festetako kartela, beasaindarren esku
Beasaingo Udalak sei kartel hobetsi ditu. Orain herritarrei dagokie bakarra hautatzea
Galbaherik finena beasaindarrena da. Loinatz Jaiak iragartzeko sei kartelik onenak herritarren filtrotik pasatzean bakarra geldituko da. Zein izango da? Maiatzaren 5ean argituko da zalantza.
Herritarrek emandako botoen arabera 50 puntu banatuko dira guztien artean. Gehien dituena izango da irabazlea. Botoak online eta udaletxean eman daitezke. Herriko etxeko sarrera nagusian buzoia eta botoa emateko fitxa batzuk daude. Aukera maiatzaren 1ean amaituko da. Herritar bakoitzak behin bozkatu ahalko du.
Haurren lehiaketa ere martxan da. Hauen sari banaketa ere maiatzaren 5ean egingo dute, helduenarekin batera. Garaileak 600 euroko diru saria ere jasoko du.