Oporrek kimika berezia dute
Beasaingo Udalak, Kanda konpainiarekin batera, Kimikarin gymkana antolatu dute. Esperimentuak egingo dituzte frontoi txikiaren inguruan
Aste Santuko oporraldian ere beasaindar gazteenek ikasteari ez diote muzin egingo. Baina ez dira eskolara joango. Kalea izango da ikasgela, Gernika pasealekuko frontoiaren ingurua. Izan ere, Beasaingo Udalak eta Kandak Kimikarin ekimena antolatu dute.
Apirilaren 22an elkartuko dira, 10:00etan. Aurkezpenak egin ostean, talde txikietan banatu eta hiruzpalau esperimentu egingo dituzte. Gymkana formatua eman diote, eta puntu batetik bestera joaterakoan materialak ezagutzeko aukera izango dute. Mugimenduarekin jolasa eta ikaskuntza uztartuko dituzte. Partaideak egindako esperimentuak etxera eramateko aukera izango dute.
Izen ematea zabalik dago. 6 eta 12 urte bitarteko beasaindar guztiei egin diete parte hartzeko deia.