Buruz burukoa hasteko indarrez
Herenegun aurkeztu dute Buruz Buruko Pilota Txapelketa. Iker Irribarria aramarra izango da txapelketa jokatuko duen hamabikoan. Belauneko lesioa gaindituta, ilusio handiarekin dago.

Aste honetan aurkeztu dute buruz buruko pilota txapelketa. 2021 urte zail baten ondoren, binakako txapelketan itzuli zen Iker Irribarria (Arama, 1996), eta orain, buruz burukoan parte hartzeko ilusioz dago. Momentu honetan «ondo» aurkitzen da, belaunak ondo erantzun dio, eta horrek bultzada ematen dio.
Lesio oso gogor batetik dator eta mentalki ere eroriko handia izan zuen. 2021 urtea ez zen ona izan aramarrarentzat. Urtarrilaren 31n hain zuzen ere, belaunean zuen lesioagatik erretiratu egin zen. «Ez zen erraza izan», aitortu du Irribarriak berak. «Hiru lau medikutara joan nintzen eta inork ez zidan soluzio errazik ematen». Gauzak beltz ikusi zituen. Momentu horretan burutik pasatzen zitzaiona da «ea berriz ere jokatzeko gai izango ote nintzen», eta frontoira itzultzea lortuz gero, «zein mailatan ariko nintzen». Burua jira-biraka, «milaka buelta».
Argia ikusi zuen, diagnostikoaz gain, irtenbidea zuela esan ziotenean. Medikuen esanetara jarri zen. Martxoaren 11n ebakuntza egin zioten, eta hortik aurrera, «ahalik eta lan txukunena egiten ahalegindu» da. Egunerokotasun horretan, «diziplina eta konstantzia» izan zituen giltza. «Kostata baina azkenean lortu nuen berriz ere bueltatzea».
Gorputzak erantzuten zuela ikusterakoan berriro ere ilusioa piztu zitzaion. «Hasteko, irtenbide bat ematen dizutenean, nahiz eta irtenbide gogorra izan, irtenbidea da, hori baino txarragoa izan zen aurreko hilabete eta erdia, erantzun zehatzik ez nuelako jasotzen».
Ebakuntzak 360 graduko aldaketa suposatu zion. «Ebakuntza egin eta lehen sentipena ona zen, errehabilitazioan dena oso ongi joan zen». Gaztetasunak eta kirolari izatearen abantaila.
Txapelketetara itzulera
Ebakuntzaren ondoren itzulera binakako txapelketan izan zen. Rezustarekin osatu zuen bikotea; 2017 urteko bikotekako txapelketan txapela irabazi zuen bikotea berriz elkarrekin zen. Lehenengo partida Jokin Altunaren eta Julen Martijaren aurka jokatu zuten, baita irabazi ere.
Txapelketetara itzulera «ona» izan zen Irribarriarentzat. «Bikotekako txapelketa baino lehen partida batzuk izan genituen, erritmoa hartzeko eta ondo joan zen, lau t’erdiko txapelketara oraindik goiz xamar zela iritzi nion eta binakakoan jarri genuen burua eta suertez gugan konfiantza jarri zuen enpresak», esan du pilotariak.
Binakakoa txapelketa «oso polita» izan dela esan du; «berriro konpetitibo sentitu naiz, uste dut txapelketa oso ona egin dugula Beñatek eta biok, eta garrantzitsua zen bukaera arte borroka mantentzea, eta lortu genuen hori».
Sentsazioak beraz, onak, baina txapelketa «gogorra eta luzea» izan zela aitortu du. «18 astez luzatu da, eta bukaera arte borrokan izan ginen». Onartzen du ez zuela nahi bezala bukatu; «eskuak juxtu-juxtu genituela bukatu genuen».
Binakako txapelketan final erdietako ligaxkan kanporatuak izan ziren. Harrezkero, buruz burukoan jarri ditu energiak, nahiz eta ezin izan duen «nahi beste entrenatu».
Aldaketekin dator
Aste honetan aurkeztu dute buruz burukoa. Pilotari kopuruan ez dago aldaketarik, hamabi ariko dira berriz ere, enpresa bakoitzetik sei, baina bai txapelketaren egituran. Final-zortzirenak jokatuz ekingo diote txapelketari, ostiral honetan, Bastidan (Araba). Aurtengo aldaketa da, ligaxka jarri duela EPEL-ek final-laurdenetan. Partida erakargarri gehiago jokatzea da aldaketaren helburua.
Aramarraren ustez «polita bezain gogorra» izango da. «Uste dut pilotarientzat oso gogorra izango dela, fisikoki eta eskuentzako batez ere, txapelketa exijentea delako». Sorpresak ere espero ditu Irribarriak, «asteburu batean jokatu eta hurrengorako errekuperatzen ez denak zail izan dezake jarraipena, eta oso posible da, momenturen batean guztiak ez egotea %100enean». Bestalde, «polita» izango dela dio «urtero-urtero geratzen delako partida idealen bat ez jokatzea, eta aurtengo formatuarekin, partida gehiago jokatuko direnez, ez da horrelakorik gertatuko». Aurtengoan, «erregulartasunak hartuko du pixua», aramarraren iritziz.
Final laurdenetako ligaxkari dagokionez uste du «polita» izango dela, «pilotari handiak» daudelako eta hortaz aparte, ligaxkak berak ere uzten duelako «huts egiteko aukeratxo bat», beraz, «lasaitasun puntu batekin jokatzeko aukera izango da aurten- goan».
Erik Jakaren kontra
Ligaxkara iritsi aurretik baina, Erik Jakaren kontra jokatu beharko du final zortzirenetako kanporaketa, astelehenean, Eibarko Astelehena frontoian, 17:00etan. Hitzorduaren inguruan esan du «aurreneko partida konplikatua» izaten dela eta ordura arte zaila dela esaten nola dagoen. Gainera, zailtasun gehigarria izango du; 2020an buruz buruko txapelduna izan zen Jaka, Jokin Altunari irabazita. eta urte berean, lau t’erdiko txapeldunordea izan zen.
Partida «oso zaila» aurreikusten du aramarrak, pilotari «arriskutsua» delako, «errematean ikaragarrizko dohainak dituena, beraz bost-hamar minutu deskonektatzen bazara 10 tanto egiten dizkizu konturatu gabe». Hortaz, partida «oso exijentea» du aurretik.
Astelehena iritsi bitartean, azken entrenamenduetan du burua Irribarriak. «Momentuz ondo sentitzen naiz. Aste honetan ere beste bi entrenamendu-edo egingo ditut eta ea sentsazio onekin jarraitzen dudan. Askotan gehiegi entrenatzeak ez ditu onurak eta espero dut aurreneko partidan freskotasuna erakustea». Helburua, «aurrena asteleheneko partida irabaztea izango da, horrekin ligaxkan sartuko ginateke, pixkana-pixkana presioa kentzen joan eta gozatzeko desiatzen nago».
Ekhi Irribarria eta Unai Amianoren arteko finala
Goñiren omenezko 30. txapel-ketaren finalak jokatuko di-tuzte gaur, Zumarragako Beloki pilotalekuan. Jaialdia Asier Oliveira-Jon Tapiador eta Mikel Rodriguez-Iker Aleman bikoteek jokatuko duten Txapelketa Herrikoiko finalarekin hasiko da 18:30ean. Jarraian, binakako eliteetan, Elola-Irazustabarrenak eta Eneko Labaka-Aizpuruk neurtuko dituzte indarrak. Eta promesen lau t ‘erdian, Ekhi Irribarria aramarrak, Unai Amianoren kontra jokatuko du. Partida erakustaldi polita izango dela aurrikus daiteke.