Idiazabal Gaztaren festa kalera itzuliko da
Ordiziako Artzain Egunak emango dio hasiera gaur zortzi Idiazabal Gaztaren denboraldi berriari .Tolosako AMA jatetxeko Javi Riverok eta Gorkak Ricok ebakiko dute gazta.
Bi urteko etenaren ondoren, artzaintzari gorazarre egin eta Idiazabal Gazta berriaren denboraldiaren hasiera emateko Artzain Eguna Ordiziako kaleetara itzuliko du gaur zortzi, Pazko Asteko asteazkenez. Ordiziako aparteko azoken egutegiari hasiera ematen dion egun horretan bi irudi nabarmendu ohi dira; bata kalekoa, bestea atez barrukoa. Goiz erdian, 11:00ak aldera, Aralarren eta Aizkorri-Urbian larratzen duten bi milatik gora ardik zeharkatuko dute Ordiziako Kale Nagusia, eta hortik gutxira, udaletxeko areto nagusian, Idiazabal Gazta berriaren ebakiera ekitaldia egingo da.
Aurten,Tolosako AMA jatetxeko Javi Rivero eta Gorka Rico sukaldari gazteek izango dute gazta berria ebakitzeko ardura. «Sorpresa handia izan zen gazta berria ebakitzeko proposamena jasotzea. Guretzat ohore handia da, ilusioa handia dugu eta errespetua ere bai, gazta berriaren mozketa guretzako izan delako beti oso ekitaldi garrantzitsua». Omendua, berriz, Luis Lezama izango da, munduan zehar zabalduta dagoen Lezama ostalaritza taldeko lehendakaria. Horrez gain, Idiazabal Jatorri Izendapenak eman ohi dituen gaztaren kalitate eta erregulartasun sariak ere banatuko dituzte.
Ardi-ahariak Garagartzan
Plaza Nagusian eta haren inguruan egingo den asteazkeneroko azokak esnatuko du eguna. Ohiko postuez gain, Goierriko produktuen eta Gipuzkoako artisauen saltokiak ere jarriko dira. Garagartza plaza izango da Artzain Eguneko beste eremu nagusia. 09:00etan hasita, 50 bat artzainen latxa arrazako ahari-ardien erakusketa-lehiaketa eta salmenta egingo da, 200 abelburu guztira. Aipagarria da, joan den urteko etenaldiaren ondoren, aurten lehiaketa berreskuratzeko urratsa egin dela. Latxa mutur-gorri zein mutur-beltzak izango dira ikusgai.
Gazta egiteko erakustaldia, mami dastaketa eta ile-mozte saioa ere izango da inguru horretan goiz-eguerdi partean. Goizean goizetik lanean ariko dena Karlos Ibarrondo elorrioarra izango da. Eusko Labeldun 40 arkume erreko ditu burruntzian, eta 11:30 aldera dastatu ahal izango dira pintxotan. Bildutako dirua Aspanogirentzat da.
Emakumeen pilota partidak
Egitaraua borobiltzeko emakumezkoen pilota partidak izango dira Beti-Alai pilotaleku berrituan. Miren Larrarte eta Itsaso Erasun eskuz ariko dira buruz buru, eta Leire Galdos-Miriam Arrillaga bikoa Amaia Irazustabarrena-Maider Huizi bikoaren aurka lehiatuko dira, palaz.
126 gaztandegi
Gaur gaurkoz 126 gaztandegi ekoizle daude Idiazabal Jatorri Izendapenean sartuta, iazko kopuru berbera. Horietatik gehienak Gipuzkoakoak (59) dira, Nafarroakoak 32, Arabakoak 21 eta Bizkaikoak 14.
Segurako Ondarre eta Iurretako Laztana, sarituak
Idiazabal Gazta Jatorri Izendapenak aurreko urteko kanpainari dagozkion gaztaren erregulartasun eta kalitate sariak banatzen ditu Ordiziako udaletxean egiten den ekitaldian. Aurtengo sarituen artean goierritar bat dago, Segurako Ondarre gaztandegiko Eneko Goiburu. Artzain-gaztagilearen atalean jasoko du saria. Gaztandegiaren atalean Iurretako (Bizkaia) Laztana izango da saria jasoko duena.
Joan den urteko irailean Ordiziako Artzai Gazta txapelketa entzutetsua irabazi ondoren, erregulartasunaren aitortza jasoko du orain Eneko Goiburuk. «Ez da besteak bezalako sariketa bat, baina garrantzitsua da». Laztanako Gorka Jaio eta Maite Torresentzat lehen errekonozimendua izango da, iaz jarri baitzuen martxan bikoteak gaztandegia.
Idiazabal Jatorri Izendapenak koska behera egin du aurtengo kanpainaren produkzioan –1.340.937 kilo– aurreko urtearekin alderatuz, baina ustiategia kopuruari bere horretan eusten dio.