«Liburu honek kosziente egin nau poesiaren bidea behar nuela»
Poesia indartzen ari dela dio Tere Irastortzak (Zaldibia, 1961). Orain, 'Llenabais el mundo. Mundua betetzen zenuten' liburu elebiduna atera diote, euskarazkoaren berrespen gisa.

Euskarazko poesia liburua Pamielarekin 2015ean argitaratu, eta orain, elebitan, ‘Llenabais el mundo. Mundua betetzen zenuten’ atera duzu. Nolatan sortu da aukera?
Puntu batean itzulita neukan liburu hau, lehendik egin zutelako antologia txiki elebidun bat, Logroñoko Planeta Clandestinon. Iaz, Soriako liburu azokan Euskadi izan zen gonbidatu. Batez ere poesiaren azoka zen, nik banituen poema batzuk itzuliak, eta nire aurkezpena egin nuenean, han zen Olifanteko Trinidad Ruiz Marcellan. Etorri zitzaidan, eta nire zerbait publikatu nahi zuela esan zidan.
Aspalditik zara idazle. Gaztelaniaz ere bai?
Gaztelaniara liburu hau eta Txoriak dira bederatzi dauzkat itzuliak, Espainiako Sari Nazionalerako finalista geratu zelako. Biak aurreneko itzulpen bezala neuzkan. Beste saiakera batzuk ere bai. Mundua betetzen zenuten bidali nion, eta elebiduna izatea nahi nukeela esan nahi nion. Nik poesia liburu elebidun asko irakurtzen ditut. Euskaraz ondo irakurtzen eta idazten ez dakien jendea ere badago. Poesia ez da hain zaila elebidun jartzen, ez da narrazio bat bezala. Onartu zuten, eta poz handia eman zidan.
Emaitzarekin, gustura?
Liburu honek bereziki emozionatu nau. Lan handia egin dut, erdaldunek erdaraz irakurri ahal izateko. Uste dut erdarazkoa ondo geratu dela, eta hori niretzat garrantzi handikoa zen.
Horrelako lanetan, itzulpen soila izaten da, ala birsorkuntza edo berridazketa da?
Sei-zazpi bertsio egin dizkiot hasierakoari. Lehena nahiko zehatza zen, baina agian gaztelaniaz ez zuen emoziorik sortzen. Batetik, hizkuntzaren ezberdintasunak daude; esate baterako, hitanoa. Nik poesian asko erabiltzen dut, eta hori ezin da itzuli. Orduan, beste baliabide batzuk sartu behar dituzu. Hizkuntzaren erritmoa ere aldatu egiten da. Poesian hizkuntza oso inportantea da, hitz oso gutxi eta hautatuak direlako. Orduan, emozioak sortzeko helburuarekin hautatu behar dira. Dudarik gabe, pixka bat birsortu egin behar izan dut, gaztelaniaz eduki dezan euskaraz daukan konbertsazio maila.
Gurasoei eskaini zenien.
Hiru daude: aita-amak eta nire lagun min bat, hil zena. Hiru-lau urteko poemak dira. Egoeraren pizgailua da heriotza. Badaude momentu tristeak, dudarik gabe, baina eboluzio bat ere badu: heriotzatik hasten da, eta bidaia bat da; norbere bizitzari eta heriotzari buruzko hausnarketarekin bukatzen da. Naturaldu nahi bat du. Gaztetan Mas Platon y menos Prozac liburua asko gustatzen zitzaidan, eta gure zibilizazioan heriotzarekiko izugarrizko urruntasuna ari garela bizitzen uste dut. Hitzen bidez badago horri buruzko hausnarketa, patxada edo sosegu bat sortzea. Absentzia badago, baina batez ere maite izan ditugun, maite ditugun eta maite izan gaituen jendearen presentzia dago liburuan. Zentzu horretan, poesia da seguruenik genero ederrenetako bat horrelako gauzetaz hitz egiteko.
Zer suposatu du zure idazle ibilbidean liburu honek?
Nik aukeratu dut poesia idaztea. Badakit ez dela beste genero batzuk bezain komertziala, eta horretan egon naiz. Aurreneko liburua 19 urterekin argitaratu nuen, orain dela 41 urte. Beti argitaratu dut. Baina nik bizi ahala idazten dut, eta idatzi ahala bizi naiz. Orduan, satifazio handia izan da. Azkeneko pare bat urte hauetan kanpora deitu didate, eta oso harrera ona eduki dut beti. Liburu honek arreta eman dio jende askori, eta kosziente egin nau poesiaren bidea behar nuela. Hau da, beti pentsatu dut euskal liburugintzan ari nintzela, euskal kulturan. Orain koszienteago sentitu naiz poesia irakurleen indarraz ere. Hori beti erreibindikatu dut, baina beti bakardade batetik bezala. Poesia urte batzuetan ahulduta egon da, ez da argitaratu; baina orain badago mugimendu bat, eta oso inportantea da genero bezala.