Maiatzaren 14an egingo dute Idiazabalgo aire libreko pintura lehiaketa
Maiatzaren 14an Idiazabalgo aire zabaleko II. pintura lehiaketa egingo da. Iaz izan zen lehenengo aldia, eta izan zuen harrera ona ikusita, bigarren urtez ospatzea erabaki du udalak. Herriko ondarea jasotzen duten pintura lanak bildu nahi dituzte lehiaketaren bidez, partaideen sormena baliatuta. Iaz bezala, hiru kategoriatan banatu dute. A kategoriako lehiaketa, 16 urtetik gorakoentzat, 09:00etan hasiko da, eta B kategoriakoa, 13-15 urte artekoentzat, zein D kategoriakoa, 9-12 urte artekoentzat, 10:00etan.
Lanen teknika eta materiala librea izango da, eta nahieran landuko dituzte pintura lanak parte hartzaileek. Materiala bakoitzak eraman beharko du. Orijinaltasuna, kalitatea, diseinua eta zailtasun maila baloratuko du epaimahaiak. Argazkiak ere erabili daitezke margotzeko, baina zuzeneko margolanak gehiago baloratuko dituzte. Ondoren, lehiaketan aurkeztutako obra guztiak udaletxean jarriko dituzte ikusgai maiatzaren 22ra arte.
36 margolari
Iazko lehiaketa ekainean egin zuten, eta 36 margolarik aurkeztu zituzten haien lanak. A kategorian Leticia Gaspar bilbotarrak irabazi zuen sari nagusia, B kategorian Maddi Caamaño idiazabaldarrak, eta D kategorian, berriz, Paula Espigares donostiarrak.













