Ane Zuazubiskarrek irabazi du 50. Gabiriako Osinalde sariketa
Pandemiak eragindako aldaketen ondoren, berriz ere Osinalde Elkartean izan da finala. Irailean bertso sariketaren 50. urteurrena ospatzeko egun berezia prestatuko dute.
Osinalde Sariko 50. edizioko finala izan zen larunbat gauean Gabirian. Ane Zuazubiskar, Unai Izagirre, Xabat Illarregi, Oihana Arana, Aitor Tatiegi eta Aner Peritz aritu ziren kantari bertsolari gazteen sariketako urrezko edizioan. Ane Zuazubiskar arrasatearra izan zen irabazlea, eta bigarren, berriz, Aner Peritz zarauztarra. Peritzek bertso onenaren saria ere jaso du.
Pandemiaren ondorioz 2020-ko edizioa ezin izan zuten bukatu, eta iaz lekua eta formatua aldatu behar izan zituzten. Aurten berriz ere Osinalde Elkartean izan da finala, jendearen babesean eta mikrofonorik gabe, ohi moduan. Jokin Murua antolatzaileak azaldu duenez, «oso maila altua» izan dute bertsolariek saioan: «Oso saio ona izan da, edozeinek irabazi zezakeen sentsazioa izan dugu». Publiko aldetik ere oparoa izan da sariketa, «elkartea beteta» egon baita. 125 lagun elkartu dira afarirako, eta beste 50 bat lagun inguratu dira ondoren saioa entzutera.
Zuazubiskar aurtengo edizioko irabazlea «pozik» agertu da egindakoarekin, «saio polita» joan delako. «Giroa zoragarria izan da». Irabazten duenak ez du berriro parte hartzen eta, beraz, azkena izan da berarentzat.
50. urteurreneko ekitaldia
Mende erdia bete du bertsolari gazteen Osinalde Sariketak. 1971. urtean antolatu zuten lehen aldiz. Patxi Iraola izan zen irabazlea lehen edizio horretan. Iazkoa, aldiz, Gorka Pagonabarragak irabazi zuen. Hasieran saio bakarrera jokatzen zen, baina azken urteetan hiru kanporaketa eta finala egin ohi dute «motz gelditzen zela eta». Argi Berri, Aztiria Bat eta Osinberde sarietan egiten dituzte kanporaketa lanak, eta finala Osinalde Elkartean izaten da.
50 urte hauetan ehunka bertsolarik parte hartu dute txapelketan. Urteurrena ospatze aldera, irailaren 17rako ekitaldi berezia prestatuko dute.