Herria Bidelagun programa ezagutzeko gonbita luzatu du Legorretako Udalak
Herria Bidelagun programaren helburua da bakardade egoeran dauden legorretarren egunerokoa arintzea, eta horretarako, sare publiko-komunitario bat sortuko dute, non herritarrek ere parte hartuko duten. Herritarrei zuzendutako aurkezpena asteazkenean izango da.
Bakardade egoeran dauden legorretarrei babesa emateko helburuarekin, Herria Bidelagun egitasmoa jarri du martxan Legorretako Udalak. Duela aste batzuk eman zituzten egitasmoaren inguruko xehetasunak prentsaurrean. Zelai Amenabarro Legorretako alkateak eta programan parte hartuko duten hainbat kidek iragarri zuten moduan, herrian bakardade egoerak detektatu eta horien aurrean esku-hartze bat martxan jartzeko, sare publiko-komunitarioa da Herria Bidelagun.
Programaren xehetasunak eta nondik norakoak azaltzeko lehen aurkezpen hori eginda, herritar guztientzat aurkezpena egingo dute, izan ere, herritarrek osatuko dute komunitate hori, herritarrek ere parte hartuko dute bakardade egoeran dauden legorretarren egunerokoa arintzen. Herritarrei zuzendutako aurkezpena, asteazkenean (hilak 27) egingo dute, Herri Antzokian izango da, 18:00etan hasita.
Beharrei erantzuna
Herria Bidelagun programa kokatzen da, udazkenean garatu zen Legorreta 2030 Plan Estrategikoaren barruan. Plan estrategikoa, herritarren parte-hartzearekin marraztu zen, eta prozesu horretan antzeman zen bakardadea lantzeko beharra, zaintza lerroaren barnean.
Horri erantzuteko, Legorretako Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiaren dirulaguntza bat lortu du, Europako Batasuneko Next Generation funtsen barruan, eta, hala, hitzarmen bat sinatu du Zabalduz gizarte ekimeneko kooperatibarekin; 16 hilabetez, kooperatibako hezitzaile Ianire Ugartek kudeatuko du programa, udaleko Gizarte Zerbitzuen koordinazioarekin.