Nafar Ateneoak bigarren aldiz saritu du Azkargorta
Ama gaiari idatzitako olerkiekin, Iruñean VI. Poesia Saria irabazi du Lierni Azkargorta lazkaotarrak. 'Iruntzian' izeneko sorta aurkeztu du, eta amatasunaren ertzak erakutsi nahi izan ditu lan sarituan.
Lierni Azkargorta idazleak (Lazkao, 1979), bigarren urtez jarraian Nafar Ateneoaren Poesia Saria lortu du. Aste Santuko oporren aurretik iragarri zuen Iruñeko elkarte horrek, eta iaz bezala, lazkaotarrak jasoko du lehenengo saria euskarazko poesiaren atalean, Iruntzian lanagatik.
Antolatzaileek, poesia lehiaketaren seigarren ekitaldirako, ama jarri zuten gaitzat. Amatasunaren «ertz guztiak» erakutsi nahi izan ditu olerki sortan Azkargortak. «Estereotipo asko daude amatasunaren inguruan; denak dirudi polita, arrosa. Horren iruntzian zer dagoen nahi izan dut irudikatu. Gainera, ideia berari helduta, saiatu naiz ispilu joko bat erakusten, grafismoa baliatuta. Ispilu aurreko ama, eta ispilu atzeko ama», esan dio Azkargortak Berria-ri.
Iaz, Eripoemia lanarekin eskuratu zuen poesia sari berbera, eta liburu formatuan argitaratu zioten, udazkenean. Koronabirusaren pandemiak eragindako larritasunak, kalteak eta osasungintzako profesionalen ezinak —erizaina da lanbidez Azkargorta— islatu zituen olerkietan.
Galdera iradokitzaileak
Ama ere bada, eta amatasunaren ertz ugari azaldu ditu Iruntzian lanean. Zoriontasunaren ulermena eta amatasunaren gogorra, gorputzaren presentzia eta emakumetasunaren azalpena, sexuaren erreferentziak… landu ditu, naturako elementuekin uztartuta eta haren aldeko onurak etengabe plazaratuta.
Atal bakoitzaren bukaeran galdera iradokitzaileak, «probokatzaileak agian» utzi ditu. «Hausnarketa egiteko deiak dira».
Bizitzako une zailen aurrean, terapia sendagarri suertatzen zaio idaztea Azkargortari, berak sarri aitortu izan duenez. «Esango nuke orain inoiz baino maitasun handiagoz ari naizela idazten», aitortu du.