Goierriko errotek garai bateko martxa berrartuko dute maiatzean zehar
Gipuzkoako erroten eguna aurkeztu dute. Eskualdeko hemezortzi errotek egin dute bat ekimenarekin. Egun handia maiatzaren 8a izango den arren, ekintzak bihar hasiko dira
Goierriko hemezortzi errotek bat egin dute Gipuzkoako erroten egunarekin. Galtzen ari diren instalazioak biziberritzea eta ezagutaraztea da helburua eta, horretarako, erakusketak, bisita gidatuak, ikastaroak… antolatu dituzte. Ekintzak hilabete osoan zehar izango dira, egun handia maiatzaren 8an izango den arren.
Goierrin bihar hasiko dira, zehazki. Beasaingo Igartzako errotaren historia laburbiltzen duen erakusketa zabalduko dute, errotan bertan. Bost mendetako ibilbidea izango da eta hainbat sorpresa izango dira: Martina Irizar Igartzako azken errotariaren ikus-entzunezko bat izango, errota martxan jarriko dute eta ehotutako irinarekin talo ikastaroa egingo dute maiatzaren 8an, besteak beste. Erakusketa ekainaren 26ra arte egongo da zabalik. Astelehentik ostiralera, 18:00etatik 20:00etara eta asteburuetan eta jai egunetan, 11:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara.
Etorkizuna hizpide
Igartzako errotako ordezkariek Gipuzkoako errotarien topaketan parte hartuko dute, bide batez. Larraulen izango da, larunbat honetan, 10:00etatik aurrera. Asteartean Gipuzkoako erroten iraganaren eta etorkizunaren inguruko hitzaldia ere antolatu dute, San Telmo museoan, Donostian.
Egutegia
MAIATZAK 8
Bisita gidatuak. Ibares (Arama), Larruntza (Ataun), Igaralde (Legazpi), Errotatxo (Mutiloa), Iraegi, Lapatza Txikia, Goiko errota (Ormaiztegi), Intxausti (Zegama) eta Larraondo (Zerain).
Erakusketa eta talo ikastaroa. Igartza (Beasain).
MAIATZAK 15
Ate irekiak eta ibilaldia. Zubieta baserria, Olako, Kanpain (Zaldibia).
MAIATZAK 21
Ibilaldi gidatua. Igeribar, Errotaberri, Errotaetxe, Aunditegi (Gabiria).
MAIATZAK 28
Familientzako tailerra. Igartubeiti baserria (Ezkio).