Ametsak mende erdi egi bete du
Beasaingo Loinazko San Martin basilika parrokia bilakatu zen 1972. urteko apirilaren 2an, Frantziskotarren eskutik. 50. urteurrena ospatzeko meza eta bazkaria egingo dituzte bihar.
Loinazko San Martin basilikak parrokia izaera lortu zuela 50 urte bete ziren apirilaren 2an. Ospakizunak, baina, bihar egingo dituzte. 12:30ean meza egingo dute eta, ondoren, bazkaria. 120 lagun inguru espero dituzte. Sarrera guztiak agortu dira.
Kopuruarekin gustura daude Juan Jose Iturriotz parrokoa eta Aritz Urien parrokiko kidea. «Eliza ez dago bogan», aitortu du Urienek. «Lehen gizartearen erdigunea zen baina orain asko aldendu egin dira». Ez duela zertan txarra izan sinetsita dago. «Dagoena nahi duelako dago. Muinera hobeto heltzen gara».
Iraganean egoera bestelakoa zen. Beasain hazten ari zen eta inguruko auzo berrietako fededunek meza jaso zezaten hasi ziren basilikan elizkizunak egiten. Kantabriako Frantziskotarren esku utzi zuten ardura, Loinazko San Martinen Ordena Frantziskotarra zelako. Gainera, Frantziskotarrak herritarrengandik gertukoak zirenekoen fama zuten eta euskararekin ardura berezia zuten. «Hemen mezak betidanik euskaraz izan dira», nabarmendu du Urienek. Hasieran hiru frantziskotar ziren, eta guztien buru, Aita Miguel Iñurrategi. Lehen parrokoak, lehen sermoian, «batzuek duela urte batzuetatik amesten zutena, gaur errealitate bat da», esaldia esan zuen.
Izan ere, parrokia bilakatzeko prozesua ez zen berehalakoa izan. Aita Julian Lasa eta Eusebio Ibarbia Loinazko San Martinen jarraitzailea urte batzuk lehenago hasi ziren ideia gorpuzteko lanetan. Batzorde bat sortu zuten, tartean udaleko ordezkariak, alkatea eta santuaren kofradiako kideak zituena. Gotzaindegiarekin behin baino gehiagotan elkartu ziren. Izan ere, Elizako arduradunek beste asmo batzuk zituzten. Azkenean, herritarren nahia errespetatu eta Andre Mariaren Zeruratze parrokiarengandik bereizitako parrokia bat eta santutegi zaharraren kokalekuan lortu zuten.
Loinazko San Martin basilikak duen historia luzearekin 50 urte txiki gelditzen dira. Martin XVI. mendean jaio zen Loinatz auzoko Amunabarro baserrian. Japoniara joan zen misiolari eta bertan erail zuten; handik ehun urtetara, beasaindarrek, herrikidearen fedea goraipatzeko, basilika bat eraiki zuten baserritik gertu; ez da baina gaurdaino iritsi den basilika, Lehen Karlistaldian erabat suntsitu baitzen; egungoa 1858. urtean eraiki zuten, aurrenekoaren gainean, Gipuzkoako Foru Aldundiaren aginduz. Horregatik, Gipuzkoako armarria du fatxada nagusian.
Eraikin neoklasikoa da. Gurutze greziar formako oinplanoa du barrualdean eta laukia kanpoaldean, isuri askoko estalki bat duena. Loinazko San Martini eta berarekin batera martirioa pairatu zuten bi lagunei eskainitako erretaulak daude barruan.
Eraikina, baina, auzotarrek altxatakoa dela nabarmendu du Iturriotzek. «Bertako eliztarren diruarekin eraiki eta berritu zen baseliza. Bertako eliztarrek zaintzen dute. Eta bertako eliztarrek ematen diote bizitza».
Urte osoko egitaraua
Urteurrenaren harira beste hainbat ekintza ere antolatu dituzte. Loinatz jaietan prozesio berezia egingo dute. Arantzazuko Frantziskotarren burua, Jose Mari Arregi, bertan izango da, esaterako. Gainera, urte osoan zehar Igartzan argazki erakusketa jarriko dute, parrokiaren inguruko bizipenak jasoko dituen testigantza bilduma argitaratuko dute eta katekesia egiten ari diren gazteek ikasturte amaierako ekitaldi berezia egingo dute.