Bizkargiko Egunean 1937an mendi hartan hildako sei gudari gabiriar omenduko dituzte
Maiatzaren 8an, igandearekin, gogoratuko dute Bizkaiko Bizkargi gainean 1936ko Gerrako borrokaldi latza, 85. urteurrenean. Bizikleta martxa bat antolatu dute Gabiriatik Larrabetzura, asteburu horretan.
Bizkargi mendi gainean maiatzaren 8an egingo den oroimen egunean Gabiriako sei gudari omenduko dituzte. 1937ko maiatzeko borrokaldi gogorretan hil edo larri zauritu zituzten –eta egun gutxira hil– sei gabiriar dira: Luis Altzueta Ariztimuño, Simon Altzueta Ariztimuño, Joxe Apaolaza Oiarbide, Joxe Mari Gabiria Alustiza, Ramon Igartzabal Otegi eta Jesus Izagirre Artsuaga. Amaiur batailoiko gudariak ziren guztiak, eta triskantza eragin zieten tropa frankistek, Bilboko Burdin Hesiaren aurreko azken mendi estrategikoa hartzeko eta defenditzeko bataila latzetan.
Bizkargi Gogoratuz elkarteak maiatzaren 8an, igandea, 12:30ean egingo du ekitaldia, Bizkargi mendian. Hildako gudari bakoitzaren sendikoei lore sorta bat emango diete, eta Gaizka Arangurenek eta Iñigo Santxok hitz egingo dute. Ekimen horren berri gaur eguerdian aurkeztu dute Gabiriako udaletxean, Gabiriako Memoria Historikoaren Taldekoek.
Gerrak ezinbestean lotutako herriak eta eskualdeak berriro sinbolikoki uztartzeko, gabiriarrek bizikleta martxa bat ere antolatu dute. Maiatzaren 6an, ostirala, Gabiriatik Elgetara joango dira. Han gerrari buruzko museoa bisitatuko eta Intxortako fronteari buruzko hitzaldia entzungo dute. Elgetan lo egin ondoren, maiatzaren 7an, goizean Elgetatik Durangora jaitsiko dira; han, Gerediaga elkartekoekin, Durangoren bonbardaketaren lekuak bisita gidatuan ezagutuko dituzte. Arratsaldean, Durangotik Larrabetzura iritsiko dira, gaua han igarotzeko.
Bizikleta martxan parte hartu nahi duenak telefono zenbaki batera (650141813) Whatsapp mezuz jakinarazi besterik ez du. Etapak banaka egiteko aukera ere badago. Elastiko bereziak atera dituzte, bai zeharkaldirako, bai Bizkargiko Egunerak, eta erosteko moduan jarriko dituzte. Ekaitz Ordorika zornotzarrak diseinatu du, Txindokiren eta Bizkargi mendiaren islak baliatuz, eta Amaiur batailoiaren argazkiaren puskekin triskantza irudikatuz.
Helburu zabalago bat ere badu bizikleta martxa, oroimen historikoaren esparruan lanean ari diren herriek elkarren berri izateko eta bata bestearen lanen jakinaren gainean egoteko.
Bizkargin 2019an Joxe Apaolaza oroitu zuten bereziki. 2020an, pandemiako itxialdi betean, Gabiriako Udalak bat egin zuen egun harekin, udaletxeko ikurrina masta erdira jaitsita. Aurten, Bizkargira joateko deialdia egin diete gabiriarrei. Ildo horretatik, ekainaren 12an Larrabetzuko Udalak egingo duen gerrari buruzko ezohiko osoko bilkuran, Gabiriarekin senidetzea onartuko du.
Jesus Izagirreren hezurrak
Hain zuzen, Bizkargin hil zuten Jesus Izagirre Artsuaga gudariaren hezurkiak egun gutxi barru ekarriko dituzte. Derioko hilerritik iazko irailean atera zituen Aranzadi zientzia elkarteak, eta lau DNA froga egin ondoren senitartekoekin, ziurtatu dute Amaiur batailoiko sarjentuarenak direla.
Gogora institutuko arduradunek Gabiriako Udalaren esku utziko ditu hezurrak maiatzaren hasieran –data zehaztu gabe dago oraindik–, eta maiatzaren 15ean, Bizkargiko borrokaldi latzetako bat gertatu zen egun berean, 85 urte beranduago, udalak sendiaren esku utziko ditu, ekitaldi herrikoi batean.