Tren geltoki berria eskolaren eta kirol gunearen parean kokatuko da
Adifek obren oinarrizko proiektua idazteko lizitazioa egin du; 514.855 eurokoa da. Herritarren eskaera historikoa da, tren geltokia herrigunera gerturatzea
Trenbide sareko Brinkola-Irun linean kokatzen den Legorretako tren geltokia lekualdatzeko eta hortaz, geltoki berri bat eraikitzeko oinarrizko proiektua idazteko kontratua lizitatu duela iragarri du Adifek. Lizitazioaren zenbatekoa 514.855 eurokoa da (BEZa barne).
Egun ezagutzen dugun geltokia, XIX. mendekoa da, 1863ko irailaren 1ean inauguratu zen, Beasain-Donostia tartea martxan jarri zenean Madril-Hendaia burdinbidea erradialean. Hasierako ustiapena Norteko Konpainiaren esku geratu zen, bere titulartasuna mantendu zuen 1941ean nazionalizatu eta sortu berria zen Renfen integratu zuten arte. 1929an trenbide zatia zatitu eta elektrifikatu egin zuten. 2004ko abenduaren 31tik Renfe operadoreak ustiatzen du linea, eta Adif da trenbide azpiegituren titularra.
Geltokia eraiki zenetik, aldaketa gutxi izan dira. Legorreta bera ere haziz joan da baina hala ere, herrigunetik urrun geratzen da. Herritarren eskaera historikoa da, tren geltokia herrigunera gerturatzea.
Urteak dira bide horretan hainbat saiakera egin direla. Legorretarren nahiari eta beharrari irtenbidea emateko asmoarekin, 2020ko abenduaren 5ean EAJk iragarri zuen, eskaera historiko hori betetzeko gutxi falta zela. Aurretik ere egina zegoen geltoki berri bat egiteko proiektu bat —2009an argitaratu zen Estatuko Boletin Ofizialean—, baina horretan geratu zen, ez zuen aurrera egin.
Orain, Adifek iragarri du, geltokia berritzeko proiektua egitea lizitatu duela. Aurreratu du, geltoki berria herrigunearen hegoaldean kokatuko dela, eskolaren eta udalerriko kirol-eremuaren aurrean, eta horrek erabiltzaileei trenbide azpiegituretara sarbidea erraztuko diela.
Proiektuak udalerrian aldiriko geltoki berri bat egiteko behar diren obrak zehaztuko ditu, honako hauek barne: bidaiarientzako eraikin berri bat eraikitzea, alboko bi nasa, bakoitza bere aterpe eta markesinarekin, aparkaleku bat, eta geltokirako sarbideen egokitzapena.
Oinarrizko proiektuak eta eraikuntzakoak geltoki modular berriaren ezaugarriak ezarriko ditu, sarbideen kontrolarekin, autosalmentako makinentzako espazioarekin, nasetako itxarongunearekin, lokal teknikoekin eta komunekin. Gainera, nasetara sartzeko aukeren bideragarritasuna ezarriko du, maila desberdineko pasagune batekin, eskailera finkoak eta arrapalak izango dituena, edo igogailua, instalazioetarako irisgarritasuna emango duena eta era guztietako bidaiarien joan-etorria erraztuko duena.
Gutxienez 160 metroko luzera duten alboko bi nasaren definizioa aztertuko du, eta baita, 220 metroko luzera emateko aukera ere. Estazioaren kokapen berriak baldintzatuko luke atal hori, eta Oria ibaiaren gainean dagoen biaduktua handitzeko bideragarritasuna aztertu beharko du.
Bestalde, proiektuak trenbide-instalazioetako afekzioei buruzko guztia ezarriko du, eta linearako behar diren perimetro-itxiturak aztertu eta diseinatuko ditu, bai geltokiaren inguruan, bai inguruetan. Azkenik, geltoki berrirako sarbideak, aparkalekua eta inguruko urbanizazioa ere zehaztu beharko ditu.
Zerbitzua hobetu beharra
Zelai Amenabarro Legorretako alkateak esan du albiste «oso ona» dela. Adierazi du «udala bere esku dagoen guztia egiten ari da proiektua aurrera atera dadin», bide horretan, 2021ean zehar bilera batzuk izan zituztela Adif-ekin «prestutasuna eta laguntza eskaintzeko». Proiektua esleitu den honetan, «orain aurrera egingo duela uste dugu, eta herritarrek egokiago izango dute tren zerbitzua erabiltzeko, azken batean, hori da erakundeon ardura, garraio publikoa erabiltzeko erraztasunak jartzea».
Amenabarrok gehitu nahi izan du, tren geltokiarentzat espazio berria «pauso handi bat» dela baina era berean, behar dela tren zerbitzua «puntuala» izatea eta erabiltzaileen «beharrak beteko dituen zerbitzu bat izatea. Renfek zer hobetu asko du».