Aralarko larreak irekita, baina abererik ez Larraitzen
Enirio-Aralar Mankomunitateko belardi komunak irekitzeko festa egin dute gaur Larraitzen. Salmenta postuak, bertsolariak eta aizkolari lehiketa egon dira, besteak beste. Abeltzainek, ordea, uko egin diote festara joateri eta abererik ez da egon.
Urteroko legez, maiatzaren lehenarekin batera ireki dituzte Enirio-Aralar Mankomunitateko larreak. Azken bi urteetan, ordea, irekiera ekitaldirik ez zen egin pandemiaren ondorioz. Aurten, 25 urte bete dira Larraitzen, lehenbizikoz, larreen irekiera ospatzeko festa egin zutenetik. Ekitaldia egin da, baina, aurtengoan, abereek ez dute zeharkatu Larraitzeko hesia.
Salmenta postuak goizeko hamarretan ireki dituzte. Bitxiak, gozoak, eztia, taloak, gazta, xaboiak larruzko zapatak, arropa… mota askotako produktuen ekoizleak hurbildu dira Larraitzeko aparkalekura. 11:00etan, Oskar Ferrer zaldi hezitzaile errioxarrak doma erakustaldia eskaini du. Jende asko hurbidu da Ferreren trebeziak ikusi eta azalpenak aditzera. Segidan, Abarlotz Olano abeslari zaldibiarrak kantu batzuk eskaini dizkie bertaratuei. Jarraian, Mikel Mendizabal eta Bixente Gorostidi bertsolariek hartu diote txanda.
Bertsolari itsasondoarrak eta amezketarrak eman diote hasiera aizkora lehiaketari. Ikusle ugari erakarri ditu Iker Vicenteren eta Mikel Larrañagaren arteko norgehiagokak. Duela aste gutxi Tolosan egindako apustuaren errebantxa hartzeko aukera zeukan Larrañagak. Gaurkoan, zortzi kanaerdiko enbor ebaki behar izan dituzte eta, amaierara arte lehia estua izan den arren, Vicente gailendu da berriro ere. Ekitaldiari amaiera emateko berriz ere bi bertsolariak eta abeslaria igo dira agertokira.
Abererik ez
Aralarko Abeltzainek, ENBA Euskal Nekazarien Batasunak eta EHNE Euskal Herriko Nekazarien Elkartasunak astean zehar jakinarazi zuten moduan, uko egin diote festan parte hartzeari. Abeltzainek “ospatzeko ezer gutxi” dutela salatu zuten hiru elkarteek zabaldutako oharrean. Duintasuna eta errespetua ere aldarrikatu zituzten eta Mankomunitateari abeltzaintza ez babestea egotzi zioten: “Mendiko abeltzaintza, egun bateko jaiaz haratago, urte osoan babestu behar da”. Gaur ere izan dute lekua aldarrikapenek Larraitzen. Aralarrerako sarbide den hesian honakoa zioen pankarta batek: “Gaurko larreak iraganeko lanaren emaitza. Nolako etorkizuna nahi degu? Zaindu ditzagun abeltzainak”.