Bi pertsona atxilotu dituzte Ordizian, gizon bati labankada ematea egotzita
Zauritako pertsona ospitalera eraman zuten, eta arriskutik kanpo dago. Aste gutxitan gertatu den bigarren antzeko gertaera da.
24 eta 28 urteko bi gazte atxilotu zituzten atzo Ordizian, igande arratsaldean beste gizon bati labankada ematea egotzita. Zumarragako ospitalean dago zauritua, arriskutik kanpo.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, gertakariak atzo arratsaldean izan ziren, Ordiziako Buztuntza auzoko Otatza plazan. Bertaratu zen Ertzaintzaren patruilak, saihetsean eta garondoan zauriak zituen gizon bat aurkitu zuen, ustez arma zuri batekin eginak.
Pertsona horren lesioak ikusita, agenteek eman zioten lehen arreta, anbulantzia iritsi arte. Anbulantzia iritsi eta osasun langileek biktima egonkortu ondoren, Zumarragako Ospitalera eraman zuten.
Segurtasun sailak jakinarazi duenez, gertatutakoari buruzko ahalik eta informazio gehien bildu ondoren, agenteek erasoaren inguruko eremuak miatu zituzten, gertakarietan inplikatutako pertsonen eta ibilgailuen bila. Ikerketaren ondorioz, bi pertsona atxilotu zituzten handik gutxira, hilketa saiakera egotzita. Gaur egunean zehar, Tolosako Guardiako Epaitegiaren esku utziko dituzte bi atxilotuak.
Iturri berak zabaldutako informazioaren arabera, bi atxilotuek substantzia estupefazienteen banaketarekin lotutako polizia-aurrekariak dituzte, eta ertzain-etxera eraman zituzten beharrezko eginbideak hasteko.
Bigarren erasoa bi astetan
Azken asteetan gertatu den antzeko bigarren gertaera da atzokoa, nahiz eta azaldu duten. Izan ere, iragan apirilaren 23an, 32 urteko gizon bat atxilotu zuen Ertzaintzak, beste herritar bati lepoan labankada bat ematea egotzita. Labankadaren ondorioz, Zumarragako ospitalera eraman behar izan zuten zauritua. Bi gertakarien artean ez omen dago loturarik.