Salaketa artxibatu badu ere Aralarren baimenik gabeko desbrozeak egin direla baieztatu du fiskaltzak
Aralarko giza jardueren gaineko kontrola «askoz handiagoa ekarriko duten neurriak har ditzatela eskatu diete Landarlanek eta Eguzkik, Enirio-Aralar Mankomunitateari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari.
Eguzki eta Landarlan elkarte ekologistek Ingurumen Fiskaltzan salatu zuten irailaren amaiera eta urriaren hasiera bitartean oteak eta txilarrak moztu zituztela ezezagun batzuek -ustez baimenik gabe-, Enirio inguruan, Aralarko Parke Naturalean eta Natura 2000 Sareko Kontserbazio Bereziko Eremuan. 20 hektareako eremuan, horietatik gehienak babestutako eremuan.
Salaketa horren artxiboa gauzatu du Fiskaltzak, aztertutako habitatak, kalterik ez duela jasan argudiatuz. Landarlanek eta Eguzkik adierazi dutenez, habitat bakarra aztertu dute, salaketan beste bost habitat gehiago sartu arren. Gainera, higadura-arriskurik edo lurzoru-galerarik ez dela sumatzen esaten du fiskaltzak. «Ez gatoz bat, inondik ere, artxibo horrekin, babes berezia duen eremu batean espezieak eta lurzorua kaltetu zirela uste baitugu». Bi elkarteek ondorioztatu dute, Ertzaintzak egindako ikerketa «ez zela osoa ezta nahikoa izan»; eta berriro ere Ertzaintzaren brigada horrentzat giza baliabide zein baliabide material gehiago eskatu dituzte, «bereziki konplexuak diren delitu horien aurrean ikerketak behar den kalitatez egin ditzaten».
Dena den, Fiskaltzak baieztatzen du, desbroze horiek Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendi eta Habitaten Kudeaketa Zerbitzuaren baimenik gabe egin zirela, bi elkarteek uste zuten bezala, eta hori arau-hauste administratiboa dela. «Hori guztia oso delitu larria da, eta Aralarko Parke Naturaleko kudeatzailea den, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, kontrol falta adierazten du».
Horrez gain, Enirio-Aralarko Mankomunitatea, lurraren jabe den heinean «kontrol ezaren arduraduna» ere badela gaineratu dute Landarlanek eta Eguzkik. Era berean, fiskaltzaren baieztapenean oinarrituta, administrazio-delitu bat badagoela, hortaz, bi erakundeei eskatzen diete, argitu dezatela salaketa edota eginbideren bat izapidetu duten.
«Ekintza horiek berriro elkarte ekologistok salatu behar izan ditugu, eta Aldundiak nahiz Mankomunitateak ez dute jendaurreko salaketarik egin», adierazi dute. Horregatik, bi erakundeei eskatzen diete Aralarko giza jardueren gaineko kontrola «askoz handiagoa ekarriko duten neurriak har ditzatela ahalik eta lasterren, baita desbrozatutako eremua aziendaren erabilerarako ixtea ere, erabakitako ekintzen eta arrazoien berri jendaurrean azalduz».