Tomas Salazar Aizkorriko birarako izen ematea zabaldu dute
Tomas Salazar Aizkorriko bira ekainaren 11n izango da. 20 urte dira lehen txangoa egin zutenetik
Tomas Salazar Aizkorriko birako izen ematea zabalik dago. Galdetegi hau bete behar da horretarako. Txangoa ekainaren 11n izango da eta, ohi bezala, Beasaindik Aizkorrirainoko joan etorria egingo dute. 50 kilometro pasa eta 2.000 metrotik gorako desnibel metatua. Egunean bertan ere apuntatu ahalko da.
Lehen edizioa egin 2002an egin zuten, Tomas Salazar mendizalearen figura omentzeko. Ez da hogeigarren edizioa izango baina, bira bi urtetik behin egiten baitute. Halere, azken tartea luzeagoa izan da, 2020ko edizioa bertan behera utzi behar izan baitzuten.
Aizkorrira begira martxa ere egingo dute. Ibilbide laburragoa eta xamurragoa da, gaztetxoentzako aproposagoa. Proba hau Tomasek berak diseinatu zuen bere dibulgazio-lanaren jarraipen gisa, eta mendiarekiko maitasuna txikienei transferitzeko bitarteko aparta da. Beasaingo lurretako mugak inguratu ostean, azken kilometroak martxa luzekoekin batera egingo dituzte.
Ibilaldi piktoriko-musikala
Patxi Zubizarreta Aizkorri Mendizale Elkarteko kidearen eta idazlearen Goliat eta Izarrak ipun ilustratua Aralarren kokatzen da. Aitzakiatzat hartuta, pinturaz eta musikaz osatutako irudimenezko ibilaldia egingo dute maiatzaren 12an, Igartzako Jauregian. Zubizarretaz gain, Pello Ramirez musikaria, Jokin Mitxelena margolaria eta Maddi Ohienart abeslaria izango dira. Goizean ikasleentzako pasea egingo dute eta arratsaldean, 18:30etatik aurrera, publiko zabalarentzat.
Marrazki lehiaketa ere antolatu dute. Gaia mendia eta mendizaletasuna da. 7 eta 16 urte bitarteko ikasleei bideratuta dago eta bakoitzak marrazki bakarra aurkeztu ahalko du. Lanak bakoitzak bere eskolan entregatu behar ditu maiatzaren 23a baino lehen. Sari banaketa ekainaren 11n izango da, bira amaitu ostean.