Gipuzkoako Eskolarteko txapela irabazi du June Aiestaranek
June Aiestaranek Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketa irabazi zuen ostiralean. «Gustura» kantatu zuela esan zion bertsoa.eus atariari. «Kanporaketan baino lasaiago eta erosoago aritu naiz. Publikoa ere bero egon da eta eskertu dut berotasun hori». 110 sarrerak agortu egin ziren eta ikusle batzuk Lasturko taberna atarian gelditu behar izan zuten.
Hauxe izan zen bere agurreko bertsoa: Nahiz eta moñoa egin / dudan seguru ta adi / kendu beharrik enuen / aurreikusita argi / esker hitzak besterik ez / nere bertso eskolari / zuengatik nago hemen / egin bainauzue handi / beste hamar mila esker / bihotz bihotzetik Maddi / zure pelmadarengatik / hasi bainintzen kantari / bertso bakoitza eskeintzen / diot nere amonari / guztia posible dela / irakatsi zidanari.
Inaxio Usarralde usurbildarrak jantzi zion txapela Aiestarani. Usarraldek gai-jartzailetzan eta aurkezletzan bide luze eta oparoa egin du, baita antolakuntza lanetan ere.
Final batetik, bestera
Aiestaranek, txapelarekin batera, Euskal Herriko Eskolarteko Txapelketan kantatzeko txartela eskuratu zuen. «Gipuzkoakora gozatzera banentorren, Euskal Herrikora are gehiago. Disfrutatzea jarriko dut helburutzat. Lortzuz gero, konforme». Jon Mendiluze izan zen txapelketa nazionalera sailkatu zen beste bertsolaria.
Aratz Lasa ataundarrak ezin izan zuen buruz burukora igaro.













