Mikel Alvarezen 'Bekaduna' heldu da
Udako Euskal Unibertsitatearen 50. urteurrena ospatzeko 'Bekaduna' umorezko webseriea estreinatu dute gaur. Mikel Alvarez beasaindarra da zuzendarietako eta gidoilarietako bat
Bekaduna webseriearen lehen atala sarean eskegi dute gaur. Mikel Alvarez beasaindarrak egin ditu zuzendari eta gidoilari lanak, Lander Arretxearekin batera. Biek aitortu dute emaitzarekin “oso gustura” daudela. “Ideia zoro asko izaten ditugu, eta askok, ez dute lekurik topatzen. Batzuk ordea, argia ikusten dute. Bekaduna webserieak, lekua baino, etxea topatu du UEUn. Beste inon ezingo litzateke proiektu hau aurrera atera. A zer taldea! Eta… zeinen ondo pasa genuen”, azpimarratu du Alvarezek.
Bekaduna soilik sarean ikusi ahalko den umorezko serie da. Simon Eibarrera joan da lan-elkarrizketa bat egitera, baina urgentzia bat dela eta UEUren egoitzan sartu beharko du. UEUko langileek beste pertsona batekin nahastuko dute eta ordutik aurrera dena kilker kaiola bat bihurtuko da. Lau atal izango ditu.
Udako Euskal Unibertsitatearen 50. urteurrena ospatzeko egitasmoetako bat da. Ikus-entzunezko honekin UEU are gehiago zabaldu nahi dute eta lantaldea eta bazkideak omendu. Idoia Torregarai UEUko komunikazio-arduradun eta proiektuaren koordinatzaileak egitasmo honek bere inguruan sortu duen ilusioa azpimarratu du: “UEUren 50. urteurrena modu desberdin batean ospatu nahi genuen. Askotan gisa honetako urteurrenak oso seriotik joaten dira, eta nahiz eta horrelakoak ere beharrezkoak diren, UEUren izaera alaia eta parte-hartzailea islatuko zuen zerbait egin nahi genuen, zerbait ganberroagoa. BIRA eta Hiru Damatxokoek The Office telesailean oinarritutako gidoia aurkeztu zigutenean, segituan gustatu zitzaigun eta lantaldeko kideak aktore bihurtzea ederra litzatekeela pentsatu genuen. Pentsa, 21eko taldetik 16k parte hartu dugu bertan, gehi zuzendaritzako kide batek; eta inolako xantaiarik erabili behar izan gabe! Horrek zerbait esaten du UEUtaz. Grabazio egunetan oso urduri geunden, baina esperientzia zoragarria izan da. Eskerrak eman nahi dizkiegu BIRA produkzioak eta Hiru Damatxoko lagunei, profesionaltasun eta goxotasun guztiarekin aritu baitira. Bekaduna UEUren komunitate osoari egin nahi diogun opari bat da; guri bezainbat gustatzea espero dugu”.