Sanson proba bueltan da
Larunbatean jokatuko da 5. Segura-Zerain mendi lasterketa. Goierri Trail Kopako laugarren lasterketa izango da. Bi ibilbideetako izen-ematea ostiralean amaituko da.
Bi urtez pandemiagatik antolatu gabe egon ondoren, larunbatean Segura-Zerain mendi lasterketa itzuliko da: Sanson proba. Bosgarren edizioa izango da. Segurako plazan egongo da irteera, eta baita helmuga ere. 15:30ean trail distantziako lasterketa hasiko da, eta 16:00etan, berriz, sprint distantziakoa. Lehenak 25 kilometro ditu, 1.700 metro desnibel positiboarekin. Bigarrenak, aldiz, 15 kilometro ditu, eta 880 metro desnibel positibo.
18 urte azpikoek ibilbide laburra egin beharko dute, eta 18 urtez gorakoek ibilbide ofiziala zein laburra egin dezakete. Ibilbidea betikoaren antzerakoa izango da, baina zati bat aldatu dute Urrusti inguruan. Goierri Kopa Trail-aren egutegiko laugarren lasterketa izango da. Lehena UZ Trail izan zen, bigarrena Arriarango mendi lasterketa, Gabiriako Leharrei mendi lasterketa hirugarrena, eta Sanson laugarrena.
Izen-ematea zabalik
Dagoeneko 140 mendi lasterkarik eman dute izena larunbateko lasterketetan parte hartzeko, 70 lagun inguruk ibilbide bakoitzean. Izena emateko epea ostiraleko 23:59 arte egongo da irekita. Ibilbide ofizialeko lasterketan, garaikurra jasoko dute lehenengo hirurek. Irabazleak 200 euro eskuratuko ditu, bigarrenak 100 euro, eta hirugarrenak 50 euro. Sprint lasterketan ez da sari ekonomikorik izango, baina errekorra hausten dutenek 100 euroko saria jasoko dute. Trail distantzian Iñaki Olanok eta Ainhoa Sanzek dute errekorra. Olanok 2 ordu, sei minutu eta 20 segundotan osatu zuen ibilbidea 2019an, eta Sanzek, urte berean, 2 ordu, 23 minutu eta segundo batean.
Sprint distantzian, aldiz, Iñaki Hormaetxek eta Maria Zorrozak dute markarik onena. Hormaetxek ordubete, 8 minutu eta 27 segundotan egin zuen karrera 2019an, eta Zorrozak ordubete, 17 minutu eta 30 segundotan egin zuen, 2018an.
Liderren parte hartzea
Betiere denboren arabera, 17:35 inguruan amaituta egotea aurreikusi dute. 20:00etan egingo dute sari banaketa, Segurako plazan. Antolakuntzak azaldu duenez, Goierri Kopako sailkapenean lider doazen korrikalariek haien parte hartzea baieztatu dute.
Goierri Kopa Trailean Bidania Goiatzeko Iosu Elola eta Anoetako Oihana Zubillaga daude lehen postuan, eta atzetik dituzte Imanol Inza zumarragarra eta Uxue Barandiaran zegamarra. Sprint-eko sailkapenean, berriz, Mikel Usandizaga Zubiaurre eta Irati Larrañaga dira liderrak. Bigarren doaz Mikel Zabalegi ordiziarra eta Ainhoa Unanue urretxuarra.