Badatoz pilotari kimu gazteak
Olaberriko pilota taldearen harrobiko eskola hasi da fruitua ematen. Paueko paleta larruzko txapelketan hiru gaztetxo lehiatu dira, maila onean. Herrian ere jokatuak dira
Zetak taldeak Altsasu abestian dioen bezala, Olaberrian ere pandemiaren txarrari onena atera diote. Herriko pilotari taldearen harrobia lantzeko abagunea eskaini zien aurreko bi urteetako itxialdiak, eta palari gaztetxoak ateratzen hasi dira. Olaberrian estreinaldia irabaziz egiteaz gain, kanpora ere irten dira jada.
Garikoitz Arrieta pilotari eskarmentuduna maisu dutela, dozena bat gaztetxo hasi dira palari ematen. Gomazko pilotarekin, poliki-poliki hasi ziren, iaz, ikasturte erdian. Baina lan onaren oihartzunak —eta orokorrean dagoen lehorteak—, pausoa bizkorrarazi die. Gipuzkoako selekzioa osatzeko hiru pilotari hartu ditu Orkatz Argote hautatzaileak, Aste Santu aurretik, eta Pauera (Okzitania) eraman ditu, apirilaren 21etik 24ra, Paleta Tour pala txapelketa ospetsura.
«Zortzi bat entrenamendu egin genituen, Aste Santu arte, jakin genuenetik. Larruzko pilotarekin hasi ginen entrenatzen orduan. Denbora gutxian izugarrizko gorakada egin dute», aitortu du Arrietak.
Hiru olaberritar promesa
Olaberritik hiru pilotari joan dira Gipuzkoarekin Pauera: Ibai Sese (13 urtez azpikoa), eta Aritz Maiora eta Josu Soberon (11 urtepekoak). Gipuzkoako selekzioa 6. geratu da sailkapen orokorrean; 12 klub eta talde aritu dira.
Paueko pala txapelketa «mundial txiki baten parekoa» da, hasi antolakuntzatik (hotelak, jantokiak…) eta kirol mailara. «Benetako esperientzia polita» bizi ahal izan dute hiru gaztetxoek, gurasoek lagunduta. Paleta larruz beti ere, mota eta modu askotako partidak jokatu dituzte, lau egunean, etenik gabe.
Kimu berriek, Olaberrian pilotaren kateari maila bat eranstearen pozaz gain, kirol arloan ere «berealdiko aukerak» dituzte.