Bizkargin sei gudari gabiriar omenduko dituzte igandean, 85. urteurrenean
Amaiur batailoiko sei gudarien sendietakoak joango dira mendi hartara. Bizikleta martxa bat egingo dute aurretik Gabiriatik Larrabetzura, 1936ko gerrak lotutako herrietan barrena
Gabiriarrak Bizkargi mendira itzuliko dira, berriro, igande honetan. 1936ko Gerran, duela 85 urte zehazki, Euskal Armadak jasandako triskantzaren ondorioak gogoratu, eta Bizkaiko gain hartan bizitza kendu zieten sei gudari omenduko dituzte.
1937ko maiatzeko borrokaldi latzetan ehunka soldadu hil ziren, bi aldeetakoak. Behin eta berriro hartu eta galdu zuten posizioa, Bilboko Burdin Hesiaren aurretik azken tontor estrategikoa zen heinean, eta egun ugari iraun zuen batailak. Tartean, Amaiur batailoiko gudariak ziren sei hil zituzten, batzuk bertan, eta beste batzuk egun gutxi geroago: Luis Altzueta eta Simon Altzueta anaiak (Izarrerdi baserrikoak), Joxe Apaolaza (Olalkiaga), Joxe Mari Gabiria (Bekoetxe), Ramon Igartzabal (Aranburu) eta Jesus Izagirre (Igeribar).
Igandean, Bizkargi Gogoratuz elkarteak mendi gainean 12:30ean egingo duen ekitaldian, seiak omenduko dituzte. Familiarteko banari lore sorta emango diete, eta Gaizka Arangurenek eta Iñigo Santxok hitz egingo dute. Txalapartari, albokari, Larrabetzuko dantzari, eta Etxahun Lekue, Onintza Enbeita eta Txiplas bertsolariek ere parte hartuko dute. Ein Go taldeak erromeria alaituko du, eta txosna jarriko dute Bizkargin.
Bizikletan Gabiriatik
Omenaldira joateko, eta oroimen historikoaren berreskurapenean lanean ari diren herriak batzeko, Gabiriatik Larrabetzura bizikleta martxa egingo dute, asteburuan. Kamiseta bereziak atera dituzte. Edonork parte har dezake, bai bidaia osoa eginez, bai hiru etapetako bakarra osatuta. Izena eman behar da (650 141 813).
Ostiralean 17:00etan abiatuko dira bizikletariak Gabiriatik, eta Elgetan lo egingo dute (28 km). Iluntzean, Intxortako fronteari buruzko hitzaldia entzungo dute. Larunbat goizean, Elgetatik Durangora jaitsiko dira (16 km), eta Gerediaga elkartekoek Andre Mari elizpean hasita bonbardaketaren lekuetara bisita bat gidatuko diete. Arratsaldean, Durango-Larrabetzu (20 km) egin, eta han lo egingo dute.
Igandean Gabiriatik joan nahi duenarentzat garraioa antolatzen ere ari dira, baita mendira igotzeko ibilgailu aukera ere. Udalak joateko deia egin du.
Jesus Izagirreren hezurrak bihar ekarriko dituzte
Gogora institutuko arduradunek eta Aranzadi zientzia elkartekoek bihar eramango dituzte Gabiriara Jesus Izagirre Artsuaga gudariaren hezurkiak. Irailean Derioko hilerrian (Bizkaia) atera zituzten, eta lau DNA froga egin ondoren, gudari gabiriarrarenak zirela baieztatu zuten. Hain justu ere, Bizkargi mendian hil zuten Izagirre, Amaiur batailoiko sarjentua, 1937ko maiatzaren 15ean.
Gabiriako Udalak bihar 17:00etan egingo diete harrera, eta udalak hartuko ditu hezurkiak. Ondoren, maiatzaren 15ean, ekitaldi herrikoi bat eginda, Izagirreren familiakoei emango dizkie udalak.