Artisau garagardoen feria
Larunbatean egingo da garagardo azoka, Plaza Nagusian, 11:00etan hasita. Edatekoaz aparte, jatekoa eta zuzeneko musika izango dira. Txapelketa egingo dute garagardo onenaren bila
Luze egin da baina bi urteren buruan, bueltan da Euskal Herriko garagardo azoka Ordizian, Emaneurre Taldearen ekimenez. Ostera ere, bertako ekoizle artisauek egiten duten lanari babesa emateko eguna izango da, eta nola ez, ongi pasatzeko eguna ere bai. Hori lortzeko konbinazio perfektua da aurtengo ekitaldia; hamahiru garagardo desberdin izango dira aukeran. Jatekoa ere izango da, hanburgesak eta taloak. Eta zuzeneko musikarik ere ez da faltako.
Ordiziako Plaza Nagusian leku hartuko du azokak, larunbatean. 11:00etan egingo dute irekiera. 12:30ean hasiko da garagardo txapelketa. Bertan, Euskal Herriko garagardo onena aukeratuko dute. Goizeko txanda, 14:30ean itxiko dute.
Arratsaldean, berriz ere martxan jarriko dute garagardo azoka, 17:00etan irekiko eta gau erdiraino zabalik egongo da. Zuzeneko musikak girotuko du arratsaldea. DJ Monkey ordiziarra 19:00etan hasiko da musika ipintzen. Okasio honetan, Elektrofunk eta ElektroSwing sesio bat egingo du, entzuteko erraza eta dantzagarria.
20:00etan Howdyk hartuko dio lekukoa. Bigarren hauek, folk eta herri musika zaleak izanik, bereziki bluesgrass estiloan oinarrituko dira.
Basoarekin zozketa txartela
Ekoizle bakoitzak zerbitzatuko du bere garagardoa, kaña, zuritoa eta botilak ere izango dira. Basoa salgai jarriko dute 1,5 euroren truke.
Basoarekin batera, garagardo artisauez osatutako saski baten zozketarako txartela eskuratuko da. Zozketa larunbatean bertan egingo dute, 23:00ean.