Euskaraldiaren erronka bikoiztu eta Hikaldia ere egingo dute Beasainen
Euskaraldiaren data berean Hikaldia antolatuko dute Beasaingo gazteek. Goierriko herri txikietako gazteak irakasle lanetan jarriko dituzte. Antolaketa lanei ekiteko Herri Batzordea eratu dute
Hikaldia egingo dute udazkenean, Goierrin, eta bereziki Beasainen, hikaren erabilera hauspotzeko. Hala iragarri du Patxi Saez Aittu Euskara Elkarteko lehendakariak. Formazio saioak antolatuko dituzte, alde batetik, eta herri txikietako gazteak eredu jarriko dituzte, bestetik. Herri txikietan hika egiteko joera handiagoa dagoelako eta, bide batez, eskualdeko gazteen artean euskarazko harremanak sustatu nahi dituztelako. Gazte Eguna ere antolatuko dute. Etzi egingo dute lehen bilera, 17:00etan, Beasaingo Bake Epaitegian.
Hikaldia, hikak duen berezitasunagatik, gazteei eta familiei bideratuta egongo da. Halere, izena nahi duen orok eman ahalko duela zehaztu du Saezek. Euskaraldiaren data berean egingo den arren ekimen solteak dira eta, ondorioz, batean izena emateak ez du besterako balioko.
Euskaraldia azaroaren 18an hasiko da eta abenduaren 2an, amaitu. Helburua, betikoa: bi aste horiek baliatzea hizkuntza ohiturak aldatzeko eta euskararen erabilera areagotzeko. «Hizkuntza bat zuhaitz baten modukoa da. Zenbat eta hiztun gehiago eduki, hosto gehiago dituen zuhaitz bat. Euskararen zuhaitzak azken 30 urteetan ia bikoiztu egin ditu hostoak. Baina azterketek diote hostoak ez direla indartsuak, erabilera apaldu egin delako», irudikatu du Saezek.
Parte hartzaileen jarreran jarriko dute arreta. Hau da, ahobizi rola hartzen duenak lehen hitza euskaraz egiteko konpromisoa hartuko du, beti. Hartzaileak ulertzen dion kasuetan, nahiz eta gaztelaniaz jarraitu, euskarari eusteko ardura ere badu; belarriprestek, berriz, berari euskaraz aritzeko eskatu behar du. Ariketa ahalik eta eraginkorrena izateko ardurak ahal bezain beste bete behar direla gogorarazi du Aittuko lehendakariak.
Norbanakoez gain, erakundeek ere parte hartu ahal izango dute Euskaraldiaren hirugarren edizioan. Hariguneak izango dira. Aittuguneak, Beasainen. Enpresa eta kirol eta kultur taldeez gain, kuadrillei eta familiei batzeko deia egin diete. Euskaraz jakin arren aritzen ez diren horiei, zehazki. Izan ere, Saezek azaldu du aurreko edizioa aztertzerakoan jabetu direla aurretiaz euskaraz egiten zuten taldeek hartu zutela parte nagusiki.
Ordezkaritza zabala
Beasaingo merkataritza, kirol, kultura eta hezkuntza arloko 40 eragilek Herri Batzordea eratu zdute Igartzako Jauregian. Beraien ardura izango da, besteak beste, Euskaraldira euren inguruko ahalik eta jende gehien erakartzea. Ariguneek maiatzaren 18tik aurrera eman ahal dute izena eta ahobiziek eta belarriprestek, irailaren 29tik aurrera. Izena analogikoki emateko aukera berreskuratuko dute, eta horretarako bolonturioak behar dituzte. Aurten, aurreko edizioetan izena eman dutenei, prozesua sinpletuko diete. Iraganeko datuak berrestea nahikoa izango da.
Herri Batzordeak sustapen lanak ere egin beharko ditu, «euskaraldiaren mezua ahal bezain beste zabaltzeko». Esaterako, kartelak jarriko dituzte herriko hainbat puntutan.
Euskaraldiko bi edizioetan 3.000 beasaindarrek baino gehiagok hartu dute parte: lehendabizikoan ia 2.400 izan ziren, eta bigarrengoan apur bat behera egin zuen arren, heren bat berriak izan ziren. «Pandemia garaian motelaldian sartu gara. Aktibatzeko garaia da, ekitekoa», eskatu du.
Aurtengo Euskaraldiko leloak ere izpiritu hori jasotzen du: hitzez ekiteko garaia. Leire Artola alkateak ere horri heldu zion, Igartzako errotari keinu bat eginez. «Gurpila martxan jarri behar dugu. Gaur lehen bultzada eman diogu».
Elkarte edo norbanako batek lagundu nahiko balu batzordera batzeko garaiz dabil. 688 76 86 09 telefonora deitu behar du horretarako. Aittu euskara elkarteak lanean aritu diren kideentzat esker oneko hitzak izan ditu eta deialdiarekin bat egin duten eragileen prestutasuna txalotu du.