Pandorako kutxa tupersex bat da
Urrup antzerki taldea 'Tupersex' lanarekin Usurbe Antzokian izango da etzi. Erostismoak zalantzan jarriko du betiko lau lagunen harremana. Sarrera doakoa izango da baina gonbidapenak hartu behar dira aurretik
Urrup antzerki taldeak Tupersex lana taularatuko du etzi, 20:30ean, Usurbe Antzokian. Funtzioa gazteleraz izango da. ASMUBEk Berdintasuna sailarekin bat eginez antolatutako emanaldia da. Horregatik sarrera doakoa izango da, baina gonbidapenak hartu behar dira. Usurbeko leihatilan jaso daitezke dagoeneko.
Txikitatik lagunak diren lau emakume dira protagonistak. Jostailu sexualak erosteko Tuppersex deritzon bilera bat antolatu du Marianek bere etxean. Aspaldiko lagunak izan arren, saioan zehar konturatuko dira ez dutela hain ondo ezagutzen elkar. Izan ere, ordura arte gutxitan ikututako gaiak azaleratuko dira: sexu-plazerra, adiskidetasuna, harremanak, amatasuna, feminismoa, sexu-aniztasuna, kontziliazioa, lanean promozionatzeko aukerak, zaintza lanen banaketa etab… eta dena ikuspegi umoretsu eta alai batetik, eta une musikalen ikutuarekin.
Rosa Rojoren zuzendaritzapean, Maribi Lopez (Iruneren paperean), Marisol Cavero (Sara), Oroitz Agirre (Marian) Ana Martinez (Amaia), Gorka Lariz (Rubén), Juan Manuel Pecharromán (Juan) eta Jose Luis Argiñano (Jon) igoko dira oholtzara, Garazi Otegiren ezinbesteko laguntzarekin soinu teknikari gisa. Antzezlana Ana Martinez ordiziarrak idatzia da.