Herri kirol desafioak jendetza batu du Lazkaomendin
Ikusle ugari erakarri ditu Lazkaomendiko herri kirol desafioak. Lazkaomendiko eta Lazkaoko gazteek lortu dute garaipena. Bigarren postua auzoko beteranoek eskuratu dute eta hirugarrena zaldibiarrek. Trikitilariek eman diete amaiera auzoko jaiei.

Lazkaomendiko jaiak ospatu dituzte asteburuan. Atzo, txirrindulari proba, pilota partidak, mus txapelketa eta auzo afaria egin zituzten. Gaur, goizean goiz ekin diote egitarauari. Eskolako haurrek 08:30ean ibilbide neurtua egin dute Lazkaotik abiatuta. Gero, haur jolasak antolatu dituzte eta, eguerdian, bertsolariak aritu dira.
Eguneko jarduera nabarmenena arratsaldean ospatu dute. Hiru talderen arteko herri kirol desafioak ikusmira handia sortu du eskualdean. Lazkaomendiko beteranoak, Lazkaomendi zein Lazkaoko gazteak eta zaldibiarrak aritu dira lehian. Kilometro bat korrika osatu ostean, ingudearekin aritu dira. Gero, lokotx bilketan, trontzan, harria jasotzen eta txingak eraman behar izan dituzte. Amaitzeko enbor bana ebaki behar izan dute.
Hasiera hasieratik beteranoek hartu dute aurrea eta horrela mantendu azken ariketara arte. Aizkoran beteranoak aurretik hasi diren arren, gazteak izan dira enborra mozten lehenak. Bigarren postua eskuratu dute beteranoek eta hirugarren zaldibiarrak izan dira. Jendetza batu da Itxurrene inguruan. Autoa uzteko arazoak izan dituzte bertaratu eta proba ikusteko ere nahikoa lan.
Sari banaketaren ostean, Antsorregi eta Larrañaga trikitilariek alaitu dute giroa. Horrela eman diete amaiera aurtengo Lazkaomendiko festei.