Euskal Gaztaren Azoka ospatu dute asteburuan zehar Idiazabalen. Gaur, gazta txapelketa egin dute eta herrian geratu dira lehen bi sariak. J.Aranburu gaztandegia izan da irabazlea eta Gaztañaditxulo bigarrena. Bestetik, Juanita Irastorza gaztagilea omendu dute.
Gazta dastatzeko aukera aparta izan dute Idiazabalera gerturatu direnek. Euskal Herriko txoko ugaritako gaztagileak batu dira Euskal Gaztaren 4. Azokan. Urrunagoko ekoizleak ere bertaratu dira; besteak beste, Extremaduratik, Balearretatik zein Portugaldik. Gaztagileez gain, bestelako artisauek ere jarri dituzte beren postuak: ezti ekoizleak, gozogileak, arropa saltzaileak… Eguraldi ona aprobetxatuz, jende ugari batu da igande goizean Idiazabalgo kaleetan.
14:00ak aldera, Idiazabal jatorri izendapeneko gazten txapelketako sariak banatu dituzte. Herritarrek egiten dute dastaketa eta beraiek erabakitzen dute garailea nor izango den. Hori da lehiaketaren berezitasuna. Bertan, idiazabaldarrak nagusitu dira. J. Aranburu gaztandegiak jaso du lehen saria eta Gaztañaditxulok bigarrena. Hirugarren saria Legutioko (Araba) Bostibaietarentzat izan da eta laugarrena Elgoibarko Mausitxarentzat. Bosgarren postua ere Goierrin geratu da, Gabiriako Baztarrika gaztandegiak lortu du hori.
Omenaldia
Txapelketaz haratago, Euskal Gaztaren Azokan Juanita Irastorza omendu dute. Izatez zegamarra, baina Idiazabalgo Domingo Goibururekin ezkondu zen. Bien artean sortu zuten Goiburu gaztandegia eta, gizona hil ostean, Irastorzak semeari erakutsi zizkion gaztagintzaren sekretuak. Gaur egun, “behar duenean” laguntzen diola azaldu du omenaldian.
-
-
J.Aranburu gaztandegiak irabazi du gazta txapelketa. / A.Garmendia
-
-
Juanita Irastorza, omendua. /A.Garmendia
Omenaldiaz, sariketaz eta postuez gain, bestelako jarduerak ere antolatu dituzte Idiazabalen. Artaldea pasa da herrigunetik eta Axari dantza taldeak kalejira egin du. Gainera, artile tailerra ere egin dute. Bestalde, haurrentzako jolasak ere prestatu dituzte.
Ostiralean hasi zen Euskal Gaztaren 4. Azoka mami lehiaketarekin. postuak atzo ireki zituzten. Gainera, atzo bertan, mamia egiteko tailerra eta Artzain izan nahi dut jarduera ere egin zituzten. Arratsaldean, Tio Teronen Semeak taldeak dantza ikuskizuna eman zuen.