Loreak eta idiak protagonista Urretxun
Lore eta Landare Azoka egin dute Urretxuko Gernikako Arbola plazan. Bestetik, Santa Lutzi egunean egitekoa zen idi proben finala ere ospatu dute. Egoitz Armaolearen idiak nagusitu dira.

Udaberriarekin batera, loreak landatzeko garaia heldu da. Hori dela eta, Urretxun, XVI. Lore eta Landare Azoka antolatu dute. Gernikako Arbola plaza inguruan batu dira ekoizleak. Goizeko hamarretan hasi da azoka eta eguardiko ordu biak aldera eman diote amaiera. Tartean, musikariak ere izan dira. Urretxuko kaleak eta azokara hurbildutakoak alaitu dituzte. Loreekin jarraituz, ekainaren 13tik 23ra, lore sariketa egingo dute urretxu eta Zumarragan.
Armaolea nagusi idi proban
Bestetik, Urretxu-Zumarraga Herri Kirol Elkarteak topaketa antolatu du asteburuan zehar. Atzo, Antion, pentatloia, harri jasotze erakustaldia eta sokatira txapelketa antolatu zituzten. Gaur, Urrretxuko probalekua izan da topagunea. Santa Lutzi egunean egitekoa zen idi proben finala ospatu dute bertan. 11:30ean hasita, hogei minutu eduki dituzte Asier Izagirreren, Egoitz Armaolearen eta Iñaki Irigorasen idiek ahalik eta plaza gehien egiteko. 48 plaza, zinta bat eta 2,6 metro eginda Armaolearen idi bikotea nagusitu da. Izagirrerenek eskuratu dute bigarren postua 46 plaza, zinta bat eta 2,2 metrorekin. Idigorasen idiek, bestalde, 45 plaza, bi zinta eta 6,4 metro osatu ditzute.

Egoitz Armaolearen idiak nagusitu dira Santa Lutzin egitekoa zen idi proban. / A. Garmendia