Gazte Tour bira Ordiziara ere iritsiko da aurten
Aldundiaren programak bi saio ekarriko ditu Goierrira: ekainaren 11n Ordizian eta urriaren 1ean Zumarragan izango dira.
Musika eta arte eszenikoak bultzatzeko helburuarekin sortu zuen Gazte Tour programa Gipuzkoako Foru Aldundiak. Gaur aurkeztu dute aurtengo edizioa, eta ohiko herriez gain, beste hirutara ere zabalduko dute aurten. Bederatzi herritan antolatu dituzte kontzertuak, hil honetan hasi eta azarora bitartean. Goierriri dagokionean, bi saio egingo dituzte, bata Ordizian, eta bestea Zumarragan.
Ordizia da aurtengo egitarauko berrikuntzetako bat. Ekainaren 11n, Skakeitan taldeak joko du, aurten egiten ari diren despedidako biraren barruan. Zumarraga berriz, azken urteetako egitarauan ohiko herrietako bat izan da. Aurten ere antolatu dute saioa; urriaren 1ean izango da, oraindik nork joko duen zehaztu ez badute ere.
Musikariak ezagutaraziz, musika gerturatu
Gipuzkoan Gazte Tour programaren helburu nagusietako bat “lurraldeko artistak ikusaraztea” dela azaldu du Isaac Palencia, Foru Aldundiko Gazteria zuzendariak, “bai artista finkatuak, bai bertakoak ere, Gipuzkoako talentua sustatzeko”.
Aurkezpen ekitaldian parte hartu duen Adur Ezenarrok ere, programa honen garrantzia azpimarratu du: “oso beharrezkoa da gazte eta nerabeei bideratutako programazioa lantzea, pandemian gehien kolpatu den adin tartea izan baita”. Ordiziako alkateak azaldu du kultur jarduerak eta kontzertuak “deszentralizatzeko ariketa” egiten ari dela udala, eta horregatik, “Skaketian taldearen kontzertua Ordiziako Bustuntzako auzoan” egingo dutela jakinarazi du. Eguraldi txarra egingo balu, Plaza Nagusira aldatuko lukete.