Giro ederra Goierriko ibilaldi neurtuan
522 lagun elkartu ziren Idiazabal Kirol Elkarteko Mendi Sailak eta eskolako Guraso elkarteak Gipuzkoako Mendizale Federazioarekin antolatutako jardunaldian.
Gipuzkoako eskola kiroleko jardueren barruan, Goierriko ibilaldi neurtua egin zuten larunbatean Idiazabalen, Idiazabal Kirol Elkarteko Mendi Sailak, Aita Iparragirre eskolako Guraso Elkarteak eta Gipuzkoako Mendizale Federazioak elkarlanean antolatuta. Goierriko umeez gain, Oñatikoek ere parte hartu zuten ibilaldian. Eguraldi ederra izan zuten. Guztira 522 lagun bertaratu ziren Idiazabal ingurura; 17 ikastetxetako 332 ume eta haiei laguntzeko 190 heldu. Ibilaldiaren ondoren, mokadutxoa jan zuten. Gazta eguneko festan ibiltzeko aukera ere izan zuten gero. Antolatzaileek eskerrak eman dizkiete laguntzaile izan diren Idiazabalgo Udalari, ‘Idiazabal jatorri izendapenari eta Artzai Gazta elkarteari.
Argazkiak: Jon Esnaola