Hildako gudariak omentzeko, Bizkargira itzuli dira gabiriarrak
1937ko maiatzeko batailetan hildako edo heriotzaz larri zauritutako sei gudari gabiriar omendu dituzte Bizkargi Egunean. Familiarteko banak lore sorta jaso dute, duela 85 urte gerran bizitza utzi zutenen oroimenez.
Gabiriako herriarentzat eta herritarrentzat berezia izan zen atzoko Bizkargi Eguna. Duela 85 urte, 1936ko Gerran Bizkaiko mendi hartan hil zituzten sei gudari gabiriar omendu zituen Bizkargi Gogoratuz Elkarteak, eta orduan bezala, samaldan joan zen 60 bat laguneko herritar taldea ekitaldira, eguraldi paregabea lagun.
Bizkargi tontorrean (555m), batzuk Larrabetzutik igota, beste batzuk Morgaganetik, besteak Gorozikatik, jendetza elkartu zen, urteroko legez. 12:30ean hasi zen ekitaldia, eta Gabiriako sei gudari omendu zituzten, 1937ko maiatzeko bataila gogorretan Amaiur batailoiarekin borrokan ari zirela hildakoak: Luis Altzueta Ariztimuño, Simon Altzueta Ariztimuño, Joxe Apaolaza Oiarbide, Joxe Mari Gabiria Alustiza, Ramon Igartzabal Otegi eta Jesus Izagirre Artsuaga.
Haien familiarteko banak jaso zuen antolatzaileek eta inguruko herriek eskainitako lore sorta bana, ohorezko Agurra hartu ondoren. Ilobak ziren gehienak, senitartekoak ezagutzeko zoririk izan ez zutenak; baina tartean zen Apaolaza gudariaren arreba bat ere, 90 urteko Julia Apaolaza. Herritar multzoa atzean babes emaile zutela –kamiseta bereziak atera dituzte ekitaldirako–, banan-banan eta hunkituta jaso zuten aitortza.
Haietako batek, Euxebio Igartzabal bertsolariak, osabari zegokion lore sorta jaso ondoren, honako bertsoa bota zuen:
Bizkargi gaina gaur zapaldu det
nere bizian lenengoz,
polita dago ta hau ikusteak
ematen digu guri poz.
Etortzeko arrazoi izan dana
ez balitza hobe askoz,
talde bat erten Gabiritikan
herria salbatu asmoz,
bueltan etziran joan haiek baina
ordezkoak hemen gatoz. (bis)
Goizean, 11 lagun bizikletan joan ziren Gabiriatik Larrabetzura, ondoren mendira oinez igotzeko. Asteburu osorako iragarrita zegoen martxa egun bakarreko bihurtu zuten. Ostiralean, hala eta guztiz, Elgetan Intxortako lubakietan bisita gidatua egin zien Iraitz Lazkano alkateak gabiriar talde bati.
1936ko gerran 115 bat gaztek alde egin zuten Gabiriatik, biztanleriaren zortzitik bat eta adin militarrean zeuden gizonezkoen %35, faxisten aurkako borrokara. Horietatik 80tik gora lagun Amaiur batailoian sartu ziren. Bizkargiko posizio taktiko garrantzitsua defendatzeko, 1937ko maiatzean, astebetean borrokatu ziren, eta galera handiak jasan zituzten.
Jesus Izagirreren hezurren ekarrera
Oroimen historikoarekin lotutako ekimenak ez dira amaitu Gabirian. Datorren igandean, maiatzak 15, Jesus Izagirre Artsuaga gudariaren hezurkiak familiari entregatzeko ekitaldia egingo dute, eguerdian, udaletxean. Gogora institutuak eta Aranzadi zientzia elkarteak ostegunean ekarri zuen Gabiriara Izagirreren gorpuzkien kutxa, Aintzane Ezenarro zuzendariaren eta Lourdes Herrasti osteoarkeologoaren eskutik. Udaletxean gorde dituzte, eta udalak familiari itzuliko dizkio, ekitaldi herrikoi batean.
Bizkargiko eguneko argazkiak: Aimar Maiz