Bizkargik zorra arindu die gudariei
Hunkituta jaso dute Bizkargi mendian omenaldia 1937an gerran han hil zituzten sei gudari gabiriarren senitartekoek. Herritar saldo bat joan da, lehenengo aldiz, saihestu izan den lekura.
Gutxi izango dira Gabirian hainbeste aipatu eta horren gutxi ezagutzen zen tokirik. Bizkargi, 1937ko maiatzean herriarentzat kolpe latza eragin zuen guda-lerroa, ezagutu ahal izan dute, azkenik, gabiriarrek. Igandean, Bizkargi Egunean han hildako sei gudariri egindako omenaldian, zapaldu zuten herritar gehienek lehenengo aldiz Bizkaiko mendia (555m).
Omenaldi sentitua eskaini zien Bizkargi Gogoratuz Elkarteak Amaiur batailoiko sei gudari zenduei. Eguraldi udatiarra lagun, 60 bat gabiriar joan ziren, tartean gudarien senitartekoak. Goizean, 11 lagun bizikletan iritsi ziren Gabiriatik Larrabetzura, ostiraletik iragarrita zegoen asteburu osoko martxa egun bakarrera bihurtuta. Elgetan, Intxortako frontean bisita gidatua egin zuen beste talde batek ostiral iluntzean, Iraitz Lazkano alkateak borrokalekuak erakutsita.
Lore sorta bana
Jendetza bildu zen igandean, urteroko Santikurtz errepikapen erromerian, kasu honetan goierritarrek hornituta. Lore sorta bana jaso zuten Joxe Apaolazaren arrebak, Joxe Mari Gabiriaren ilobak, Simon Altzuetaren ilobak, Luis Altzuetaren iloba txikiak, Ramon Igartzabalen ilobak eta Jesus Izagirreren ilobak, baita larrabetzuarren ohorezko aurreskua eta Etxanoko nagusiaren harrera ere. Gaizka Arangurenek eta Iñigo Santxok hitzalditxo bana egin zuten.
Lore sorta jaso ondoren, Eusebio Igartzabalek bertso batekin deskribatu zuen egunaren historikotasuna: «Bizkargi gaina gaur zapaldu det / nere bizian lenengoz, / polita dago ta hau ikusteak / ematen digu guri poz. / Etortzeko arrazoi izan dana / ez balitza hobe askoz, / talde bat erten Gabiritikan / herria salbatu asmoz, / bueltan ez ziran joan haiek baina / ordezkoak hemen gatoz». Aste honetan, 85 urte.













