Aldundiaren murrizketak orekatzeko udalek ekarpena handitu dute
Enirio-Aralar Mankomunitateak dio ez dela «beste erakundeen utzikeria eta konpromiso faltaren erantzule». Udalei egindako ahalegina eskertu diete
Enirio-Aralar Mankomunitateak azken hiru urteen balantzea egin du. Adur Ezenarro Mankomunitateko lehendakariak finantziazioari dagokionez azaldu zuen atzo Ordiziako udaletxean egin zuten agerraldian, azken urteetan, behera egin duela mankomunitatearen aurrekontuak, hein handi batean, Gipuzkoako Foru Aldundiak 2020an bere ekarpena egiteari utzi zionetik. Historikoki, aldundiak bi diru laguntza ematen zizkion mankomunitateari: bat inbertsiotarako, 200.000 euro ingurukoa; bestea, pertsonaleko gastuei aurre egiteko. Ezenarroren hitzetan, «30 urtetan mendiko inbertsioetarako egon den hitzarmenari alde bakarrez uko» egin dio aldundiak, eta 2020tik «ez du euro bat bera ere jarri hobekuntza lanak egiteko».
Horren aurrean, Mankomunitatea osatzen duten 15 udalek egiten duten diru ekarpena handitzeko erabakia hartu zen, pixkanaka, «jatorrizko ekarpena hirukoiztera iristeko asmoz». 2021ean adibidez, 57.000 euro jarri ziren inbertsiotarako soilik, «baina ezin izan da guztia gastatu aldundiak gastu arruntetarako ematen zuen laguntza ere murriztu duelako, eta mankomunitateak estali behar izan du».
Bestalde, bestelako ondarea ere badago Enirio-Aralarren eta Eusko Jaurlaritzako Ondare Naturala eta Biodibertsitatea babesteko urteroko laguntza deialdira proiektuak aurkezten hasi dela azaldu du Ezenarrok. Horri lotuta nabarmendu du, deigarria dela jaurlaritzako laguntzak jasotzen diren bitartean, aldundiak urteroko landa eremuetarako diru laguntzen deialdian Mankomunitatea eta Aizkorri Aratzeko Partzoneria, Gipuzkoan dauden landa eremu handienak izanda eta euren lurraldearen %100 landa eremua duten bakarrak, aipatu laguntzak jasotzeko onuradun ez aitortzea.
69.388 euro inbertsiotan
Ondoren, Mankomunitateak aurrera eraman dituen lanak zerrendatu zituen: 12 txaboletako eskortak berritu dira; 3 txaboletan sabai-leihoak jarri dira eta beste baten leiho berri bat; Elordiko harrapalekuan, sarrera, inguruak eta bertako ur biltegia egokitu dira; aska berri bat Uni aldean, beste bat egokitu Ondarren eta beste 8 aska berri egiteko proiektua dago; eta babes itxiturak jarri dira hiru hezeguneetan eta Irazustakoan, gainera, 400 zuhaitz landatu dira. Guztira, 69.388 euro inbertsioetarako. Kopuru horren «zatirik handiena Mankomunitatea osatzen duten 15 udalen ekarpenari esker» izan da, «baina baita jaurlaritzatik jasotako laguntzei esker ere».
Ezenarroren arabera, «Mankomunitateak argi dauka mendiaren eta interes orokorraren alde lanean» jarraituko dutela; eta eskerrak eman nahi izan dizkie udalei, diru ekarpena handitzeko egin duten ahaleginagatik. Gainera, garbi utzi nahi izan du Mankomunitatea ez dela «beste erakundeen utzikeria eta konpromiso faltaren erantzule», nahiz eta egoera hori kudeatzen ari diren. Azkenik, 2022an Enirio-Aralarrerako Kudeaketa Plan berri bat egiteko asmoa dutela azaldu du Mankomunitateko lehendakariak. Zentzu horretan, «elkarlanerako ateak beti irekita» izan dituztela gogorarazi du, eta «halaxe segiko» dutela.