Beti-Biziko elkartea, orain museo
Beti-Bizi elkarteko hirugarren pisuan Urrezko Bareen inguruko erakusketa zabaldu dute. Maiatzaren 21era arte egongo da ikusgai. Beasain Jaietako ale zaharrak ere bertan daude
Beti-Bizi elkarteak Urrezko Bareen erakusleihoa herritar guztiei zabaldu die. Erakusketa ikusgai izango da bihartik aurrera, txandakako egunetan, aste barruan 17:00etatik 20:00etara eta larunbatetan 11:00etatik 14:00etara. Elkarteko hirugarren pisua alderik alde hartzen duen beira-arasak hamazazpi Urrezko Bareek utzitako oroigarriak jasotzen ditu.
Mende hasierako mugikorrek Snake izeneko jolas bat izan ohi zuten, geroz eta handiagoa egiten zen suge baten ingurukoa. Ez zen suge bat. Barea zen; urrezko barea. Kideak pilatu ala geroz eta handiagoa egin da barea eta erakusleihoa hazi egin beharra izan dute elkartekoek, ezin kabitu zebiltzalako. Izan ere, sarituek trukean oroigarria oparitzeko arau ez idatzia dute. Pandemiaren erruz egoitza itxita egon den hilabeteak baliatu zituzten lanetarako.
Beti-Bizi elkartekoek aurten ez dute Urrezko Barerik emango. Beasain Jaietan urtekariaren lehen alea argitaratu zela mendea bete da eta urteurrenaren inguruko ekintzak antolatzen nahikoa lan izan dutela argudiatu dute. Gainera, nahiz eta 1992. urtean saria sortu zutenean urtero ematea erabaki zuten, erritmoa txikitu egin zuten sarituen maila jaitsi ez dadin.
Beasain Jaietaneko ale zaharrak ere ikusgai daude. Are, lehen bost aleak berriro inprimatu dituzte nahi duen orok esku artean erabiltzeko, argazkiak ikusteko eta irakurtzeko. "Oso istorio bitxiak daude", animatu dute elkarteko kultura saileko arduradunek. Ale zaharrak inprimatzeko erabili zituzten metalezko tanpoiak ere ikusgai daude.
Urrezko Bareen sari banaketako bideo zaharrak ere ikusgai daude.