Eskola Publikoa indartu behar dela esan du Miren Gorrotxategik
Elkarrekin Podemos-Ezker Batuako legebiltzarkideak Ordizian izan dira gaur, Eskola Publikoaren egoera ezagutzeko. "Segregazioa arazo larria" dela eta kohesio sozialaren bidean "irtenbideak" behar direla esan du.
Elkarrekin Podemos-Ezker Batuako bozeramaile Miren Gorrotxategi eta Isa Gonzalez eta Iñigo Martinez Zaloa legebiltzarkideak Ordiziako Urdaneta eskola publikoan izan dira gaur arratsaldean. Eskolaren atarian Gorrotxategik berak adierazi duenez, «Ordiziako hezkuntza egoera ezagutzeko, Eskola Publikoko zuzendaritzarekin, Guraso Elkartearekin eta Juan Inazio Alonso zinegotziarekin bildu gara», eta ateratzen duen ondorio nagusia da, «eskola publikoa indartu» egin behar dela, «kohesio sozialaren bidean segregazioaren arazo larriari irtenbideak emateko», besteak beste.
Gogoratu duenez, «Eusko Jaurlaritzak ere onartu du Ordizian ematen ari den segregazio arazoa, Arartekoak 2019an eman zuen ebazpenean atentzioa deitu zion Gobernuari neurriak hartzeko, eta aurten, Arartekoak berriro atentzioa deitu dio Gobernuari itunpeko eskolak finantziazio ez bidezko bat jasotzeagatik».
Leku bakoitzean neurri konkretuak
Gorrotxategik esan du Ordiziako Eskola Publikoko zuzendaritza eta Guraso Elkartea, «oso kezkatuta» daudela; «lanean ari dira baina emaitzarik ez dute lortzen, segregazioa handiagoa da». Gauzak horrela, uste du onena dela «toki bakoitzean neurri propioak hartzea; Ordiziak bere neurri propioak hartu behar ditu».
Berriki euskal parlamentuaren baitan sinatu duten hezkuntza hitzarmenari ere egin dio erreferentzia; «guk hezkuntza hitzarmena sinatu genuen, nahi genuelako, hain zuzen ere, Euskadin orokorrean dagoen arazo konkretu honi aurre egitea, Eskola Publikoa indartuz, eta orain ikusiko da, hitzarmena errespetatzeko borondaterik dagoen». Hain zuzen ere, «borondate faltagatik orain arte arazo honi ez zaio irtenbiderik eman».