Joan-etorriko bidea Dionwarrera
Beasaingo familia bat Dionewar uhartean izan da, Senegalen, Aste Santuan. Ndank Ndank erakundearekin joan dira. Bi aldeen garapen partekatua du xede Bergaran errotutako taldeak.
Dionewar herrixka Senegal hegoaldean dago, Guior uhartean, Beasaindik lerro zuzenean 3.500 kilometrotara. Aldeak, baina, ez dira horren handiak Ndank Ndank elkarteari esker. Bergaran (Gipuzkoa) errotutako elkarteak komunitateen arteko kulturartekotasuna eta lankidetza du helburu. Zubiak eraikitzeko lanetan dabiltza etengabe: Gabonetan senegaldar espedizio bat Euskal Herrira etorri zen eta, Aste Santuan, alderantzizko bidea egin zuen talde batek. Tartean ziren Argiñe Zurutuza Alberdi eta bere alabak. «Esperientzia ederra izan da, errepikatzeko modukoa. Oso pozik itzuli gara».
Bertan igarotako hamar egunetan proiektu ezberdinak ezagutu dituzte. Esaterako, senegaldar borroka talde bat bisitatu zuten, zuhaitzak landatu zituzten eta eskola eta kofradia bisitatu zituzten. Uharte bat izanik, arrantza da bertako jarduera nagusiena.
Dionewarko emakumeen etxea ere bisitatu zuten. Euren egoera «gogorra» dela deskribatu du Zurutuzak, lan asko egin behar dutelako. «Gizonezkoak arrantzara joaten dira eta itzultzean atseden hartzen dute. Emakumeek, berriz, beraiei laguntzeaz gain, zaintza lanak egiten dituzte, etxeko lanak… Gelditu gabe aritzen dira».
Garapen partekatua
«Konturatzen zara hemen oso ondo bizi garela», aitortu du. Gizon eta emakumeen berdintasunaz gain, oinarrizko beste hainbat eskubide ere ez dituzte: uharte bat izan arren lehorreratzeko porturik ez dute, ur edangarria lortzeko zailtasunak dituzte eta zaborrak kudeatzeko planik ez dago. Hala, Euskal Herrian izan zirenean birziklatze zentro bat bisitatu zuten eta Zurutuzak eta enparauek materiala birziklatuz eserlekuak nola egin irakasten izan ziren.
Osasuna ere ez dute bermatuta. Eskularrurik ere ez dutela kontatu du Zurutuzak. Gainera, tratamenduak ordainpekoak dira. Khady Ndong-i jazotakoa ekarri du gogora: bihotzeko arazo batzuk medio 4.000 euroko ebakuntza bat egin behar izan zioten; Ndank Ndank elkarteari esker dirua pilatzea lortu zuten, baina Zurutuzak ohartarazi du beste askok ez dutela zorte hori, herrialdearen egoera ekonomikoa larria delako. Ndongek ere ezin izan zuen azkenean aurrera atera eta hil egin zen. Bere omenez Jokin Oregi Sor2 eta Mikel Larrañaga Remak ilustratzaileek mural bat marraztu zuten.
Beraiengandik zer ikasia ere badagoela jarri du kontrapuntua Zurutuzak. Elkartasuna zehaztu du: «Oso gutxi izan arren dena elkarbanatzen dute. Oso adeitsuak izan dira gurekin»; Euskal Herrian baino errespetu gehiago dutela nabaritu du.
Garapen partekatua deritzote. Ndank Ndank elkartearen asmoa da laguntzera doan pertsona zuri salbatzailearen figura ezabatzea eta bien arteko garapena lortzea. «Hara joan garenean bertakoekin elkarbizitzan bizi izan gara, elkarren arteko elkarlana lortzeko».
Maleta, beteta
Elkartearen gastuak estaltzeko Dionewarreko herritarrek ekoitzitako produktuak saltzen dituzte. Bidaia baliatu dute stocka pilatzeko. Soinekoak, gonak, kamisetak, osagarriak… ekarri dituzte. Ndankndank.org webgunetik eros daitezke produktuak.