Aitor Furundarenak eta Goizeresik Bilboko txistu bandarekin joko dute
Igartza Musika zikloan Bilboko txistulari bandaren txanda izango da, etzi, 12:00etan, Igartza Jauregian. Gonbidatuak izango dituzte: Aitor Furundarena akordeoi jotzailea alde batetik, eta Goizeresi txistu taldeko kideak, bestetik. Sarrera doakoa izango da.
Kontzertuan tankera desberdinetako musikak islatuko dituzte, alde batetik tradiziozko txistu bandan bakarkakoak diren abestiak eta bestetik hainbat doinu akordeoi soinuez lagunduta. Akordeoi-jole lanetan musikaren hainbat arlotan eta tradizio musikan esperientzia sakona duen musikaria izango dute lagun, Aitor Furundarena, hain zuzen. Amaitzeko, Beasaingo Goizeresitaldeko txistulariekin elkarlanean hiru abesti eskainiko dituzte.
Bilboko Udal Txistulari Banda ia Erdi Arotik Euskal Herriko hiri eta herrietan ageri den musika tradizioaren erakusle “onenetakoa” da, Igartza Musika zikloko antolatzaileen arabera. Mendeetan zehar bertako jendeak entzun izan duen musika bakarra bertako danbolinteroena izan da. Horren lekuko bizia da ibilbide profesional oparoko eta talentu handiko bost musikarik osatzen duten talde hau: lehen txistua, Gorka Zabaleta; bigarrena, Idoia Kareaga; silboteak, Sabin Bikandi eta Peio Irigoien; eta perkusioan, Asier Garcia.