Beasain Hirian Oskar Mansok loria lortu du
Argizpiko argazkilariaren 'Dolor y gloria' argazkiak irabazi du Beasain Hiria argazki lehiaketa. 135 egileren 531 lan aurkeztu dira. Onenak Igartzan ikusgai jarriko dituzte
Beasain Hiria argazki lehiaketako lanik onena Oskar Manso Navasen Dolor y goria –min eta loria– dela erabaki du epaimahaiak. “Ezustean harrapatu nau”, aitortu du Argizpi elkarteko argazkilariak. “Argazkiak gustuko ditudalako ateratzen ditut. Eta lehiaketetan parte hartzen dudan arren sariek ez naute itsutzen”.
Bi gizon, biluzik, besarkatuta ageri dira argazkian, atzealde beltzaren gainean. Manso eta bere semea dira, zehazki. Argazki “intimista” dela deskribatu du.
Ez da argazki solte bat, baina. Hiru argazkiko serie bateko hirugarren lana dela azaldu du egileak: pandemia garaian egindako argazkiak dira, Manoserantzako “une gogorrak” ziren garaian. Lehen argazkia bere erretratua da; bigarrena, semearena; eta hirugarrenean, biak besarkatuta ageri dira. “Babesa” adierazten duela zehaztu du gasteiztarrak. “Asko poztu nau argazki honekin irabazi izanak. Oso argazki pertsonala da, berezia”.
Manso, gasteiztarra den arren, Argizpiko kidea da. Manu Barreiro elkarteko presidente ohia laguna duela eta berari jarraika hasi zela Argizpin azaldu du. “Beasain Hirian parte hartu beharra nuen. Etxeko lehiaketa bezalakoa da”, azaldu du. Aurretik hainbat sari lortutakoa da, baina lehen saria, sekula ez.
Beasain Hiria lehiaketako sari banaketa ekainaren 5ean izango da, 18:00etan, Igartza Jauregian. 26 lanik onenekin osatutako erakusketa ere zabalduko dute. Aurten 135 egileren 531 lan aurkeztu dira. Ameriketatik, Asiatik eta Europatik bidali dituzte lanak.