Eta bat-batean, izarren artera
Realak 2004-2005eko sasoian sortu zuen emakumezkoen taldea, eta, hamazazpi denboraldi geroago, Txapeldunen Ligako atarikoa jokatzeko sailkatu da, Espainiako Liga bigarren postuan amaituta. Maite Lizasok lehen talde hartan jokatu zuen; Ane Etxezarreta, berriz, oraingo taldean dabil.
Bereziak ari dira izaten azken egunak, oso bereziak. “Txapeldunen Ligaz hitz egitea gauza berri bat da gehienontzat”; hala aitortu du Ane Etxezarreta Realeko jokalariak. Aurreko denboraldian gorabehera dezente izan ondoren, atzeko lerroko ikurretako bat bihurtu da beasaindarra, eta “gozamen” bihurtu ditu azken partidak. Espainiako Liga bigarren postuan amaituta —Realak etzi jokatuko du azken partida, Reale Arenan, Alavesen aurka, 12:00etan—, Txapeldunen Ligako atarikoa izango du hurrengo denboraldian, irailaren 20tik 29ra. Kanporaketa hori igaroz gero, txuri-urdinak multzoen fasean ariko dira urritik abendura.
Etxezarretak argi dauka “multzoaren indarra” izan dela taldeak hain ondo jokatu izanaren gakoetako bat. “Oso talde polita sortu dugu, handinahi izugarria erakutsi du jokalari bakoitzak, eta guztiok oso eskuzabalak eta langileak izan gara, bai egunerokoan eta bai asteburuetan”. Akats edo estropezu bakoitzaren ondoren “altxatzeko gaitasuna” izan dutela goratu du Etxezarretak. “Indar hori eduki dugu denboraldi guztian, ez gara erori, eta horixe izan da gakoa”.
Realak 2004-2005eko denboraldian erabaki zuen emakumezkoen taldea sortzea. Euskal Ligan aritu zen lehen denboraldi hartan, behe-beheko mailan, Espainiako Bigarren Mailan 2005-2006ko sasoian, eta 2006-2007ko denboraldia izan zuen estreinakoa maila gorenean. Lehen talde hartan zegoen Maite Lizaso zarauztarra —bederatzi denboraldi egin zituen Realean, eta Athleticen azken hirurak—. “Duela hemezortzi urteko kontuez ari gara hizketan, eta nik orduan ez nekien Txapeldunen Liga zegoenik ere”.
“Beste maila bat” orain
Hasiera hura “izugarria” izan zela aitortu du Lizasok. “Realean jokatzea bera, Realaren elastikoa janztea… Taldea sortu zuten sasoian, guri zirrara eragiten zigun Realaren koloreak defendatzeak, entrenatzeko arropa berdina edukitzeak, bost urteren ondoren arropak klubak berak garbitzeak…”. Futbola zen ordukoa, eta futbola da oraingoa ere. “Baina beste maila bat da gaur egungoa. Adibide modura, goizean entrenatzen dira orain, bertan bazkaltzen dute, lesioen errekuperazioa ere desberdina da…”. Gauza batzuk “asko” aldatu dira, jokalari ohi zarauztarraren ustez. “Eta horri esker hazi dira taldeak, oraindik ere egiteko gauza asko dauden arren”.
Lizasok aitortu du duela urte batzuk inork ez zuela pentsatu ere egiten Reala Txapeldunen Ligan sar zitekeenik. “Baina azken urteotan ikusi da oso ondo ari direla lanean, eta gorakada handia izan duela taldeak”. Duela hamar bat urte Espainiako Lehen Mailan “beheko eta erdiko taldeen artean” zegoen Reala, Lizasoren hitzetan. “Talde asko zeuden gure gainetik: Levante, Athletic, Atletico Madril… Bartzelona hasi zen gero. Ez genuen ikusten askoz gorago joateko aukerarik. Uste dut Realak duela bospasei urte egin zuela emakumezkoen futbolaren aldeko benetako apustua”.
Hurrengo denboraldia Txapeldunen Ligak bihurtuko du berezi, baina aurreko sasoiaren bukaerak ere izugarri izan zuen berezitik. Aldagela barruko gorabehera batzuk tarteko, taldea uztea erabaki zuten hamar jokalarik; Nahikari Garcia aurrelariak, Leire Baños erdilariak eta Mariasun Quiñones atezainak, esaterako. “Horren ondoren, ez kanpoko inork eta ez guk geuk ez genuen espero gauden tokian egotea”, aitortu du Etxezarretak. “Baina denboraldiaurrean elkartu, eta lagunartekoak jokatzen hasi ginenean ikusi genuen oso ondo funtziona zezakeela taldeak”.
Presiorik gabe, egin zezaketen horretan “sinesten” hasi zirela aitortu du beasaindarrak. “Oso erregularrak izan gara, eta, gehienak oso jokalari gazteak izanda ere, talde handi baten emaitzak lortu ditugu”.
Emaitza horietan, noski, “eragin nabarmena” izan du Natalia Arroyo entrenatzaileak. “Futbola ulertzeko ikuspuntu hori helarazi digu hark, eta ekarpen handia egin dute gainerako entrenatzaileek ere. Martxa onean joan da makineria guztia”. Martxa on horretan, Etxezarretaren eginkizuna ere aldatu da denboraldi honetan. “Beti izan naiz entrenamenduz entrenamendu ahalik eta gehien ikastea gustatzen zaion jokalari bat, daukan guztia ematea gustatzen zaiona, baina nigan konfiantza handiagoa izateko lantxo bat ere egin dut denboraldi honetan. Entrenatzaileak ere, zorionez, apustu bat egin zuen nire alde une jakin batetik aurrera”.
Lizasok, “inbidia pixka bat”
Lizasok “inbidia pixka batekin” bizi du gaur egungo futbola, baina aitortu du “nekatuta” amaitu zuela futbolarekin. “Belauneko bost lesio larri, infiltrazioak… Ez zuen merezi horrela jarraitzea, baina Anoetan jokatzea, Granadan [Espainiako] Kopako finala bizi izatea… Polita izango zen barru-barrutik bizi ahal izatea”.
Lizasok behin eta berriz egin du gaur egungo futbolera etortzeko ariketa, baina Etxezarretari gehiago kostatu zaio 2004-2005eko denboraldira jauzia egitea. “Hasiera hartaz konturatu ere ez nintzen egin ia, eta ez 9 urte nituelako bakarrik. Niri betidanik gustatu izan zait futbola, baina lehen ez zen ikusten emakumezkoen futbola, eta ez zen egiten saiakerarik ikusi ahal izateko ere”. Beasaindarrak umetatik zeukan buruan “futbolari profesional” izan nahi zuela. “Eta, gipuzkoarra izanda, Reala jarraitu izan dut umetatik”. Bueltan-bueltan, 2015-2016ko denboraldian egin zuen debuta.
Taldea sortzea izan zen Realaren mugarrietako bat, Lehen Mailara iristea beste bat… eta 2018-2019ko denboraldian Espainiako Kopa irabaztea hirugarrena. “Ikaragarria izan zen hura, oso polita; ez daukat hitzik orduan bizi izan genuena azaltzeko”. Txapeldunen Ligako atarikorako sailkatzea izan da azken balentria. “Hortik aurrera, zer? Auskalo!”, esan du Etxezarretak. “Baina garrantzitsua da oinak lurrean izatea. Ea lortzen dugun multzoen fasean sartzea, eta goza dezagun hortik aurrera”.
Lizasok Athleticekin Danimarkako Fortuna Hjorring taldearen aurka Txapeldunen Ligako final-hamaseirenetako kanporaketa bat jokatu zuen 2016-2017ko denboraldian, erretiroa hartu zuen sasoian —2-1 irabazi zuten Bilbon, eta 3-1 galdu Hjorringen, luzapeneko 119. minutuan—; aholku txiki bat eman dio Etxezarretari: “Gozatu momentu bakoitza, sentipen ederra da eta!”.