Gipuzkoako bola eta toka txapelketak jokatuko dira bihar goizean Zerainen
Bola txapelketa 09:00etan hasiko da, eta toka txapelketa 09:30ean. Bolan sailkatutako lehenengo hiru emakumeek eta lehenengo 15 gizonezkoek Euskadiko txapelketarako txartela lortuko dute
2022 denboraldiko Gipuzkoako bola eta toka txapelketak jokatuko dira bihar Zerainen, 09:00etatik aurrera. Bola txapelketan, Gipuzkoako Lehendakari eta Kopa lehiaketetatik sailkatutakoek parte hartuko dute, eta baita ligaxkan puntu gehien eskuratu dituztenek ere.
Gizonezkoak lehiatuko dira lehenengo. 25 bolari ariko dira txapelaren bila gizonezkoetan, tartean bederatzi goierritar. Jokin Izagirre, Xepeiño Agirre, Patxi Arrondo, Joxean Ormazabal, Iñaki Maiz, Itoiz Alustiza, Egoitz Berasategi, Felix Maiz eta Joxe Maiz goierritarrek parte hartuko dute.
Ondoren, 11:00k aldera, emakumeen txapelketa hasiko da. Bost bolari ariko dira, tartean hiru goierritar: Naiara Peñagarikano, Aitziber Makatzaga eta Miren Makatzaga. Peñagarikanok aurreko igandean lortu zuen finalerako txartela, Altzan (Donostia) jokatu zen Gipuzkoako bola denboraldiko jardunaldikako azken lehiaketa luzean, Gipuzkoako Kopan. Lehendakari lehiaketatik, berriz, Beatriz Unzue saikatu da finalerako, eta Miren eta Aitziber Makatzaga eta Elena Aldaz, aldiz, denboraldian lortutako puntuazioagatik. Kanporaketak sei bolarekin izango dira, eta finala, berriz, zortzi bolarekin, biak probarik gabe. Gizonezkoetan zein emakumezkoetan bi ordezko izango dira, arazorik balego haiek jokatu dezaten.
Tokan ere bai
Toka txapelketa ere jokatuko da bihar Zerainen. Hogei tokalarik parte hartuko dute,t artean Juan Mari Uñurritegi, Iñaki Maiz, Antxon Kalbo, Felix Maiz, Joxe Maiz, Joxean Ormazabal eta Patxi Ormazabal goierritarrek. 09:30ean hasiko dira tiraldiak. Probakoa eta sei tiraldi egingo dituzte.
Hurrengoa, Euskadikoa
Gipuzkoako bola txapelketan lehen sailkatuek Euskadiko txapelketara joateko txartela lortuko dute; emakumezkoetan lehenen hiru sailkatuak joango dira, eta gizonezkoetan, lehenengo hamabostak. Ereñotzun (Gipuzkoa) izango da, ekainaren 4an.