Herritarren iritzia jaso nahi dute Mugikortasun Plana eguneratzeko
Diagnosi fasean dago Ordiziako Udalak abiatu duen Mugikortasun Planaren eguneraketa. Parte hartzeko bi bide daude, Internet bidez eta aurrez aurre
Ordiziako Udala Mugikortasun Plana eguneratzeko martxan jarri da. Herritarrekin batera, parte hartze prozesu bidez egin nahi du planaren eguneraketa, beraz, ezertan hasi aurretik, ordiziarren ohiturak eta beharrak identifikatu nahi dituzte. Endara Ingeniaritzarekin udalak abiatu duen prozesuaren xehetasunak eman ditu Adur Ezenarro Ordiziako alkateak: «Diagnostiko horretan jaso nahiko genuke alde batetik herritarren ohiturak, ohiko garraioak nolakoak izaten diren, nola mugitzen diren eta ze garraio mota erabiltzen duten; eta bestetik, oinezko eta txirrindu mugikortasuna bultzatu eta sustatu nahi dugu, eta horretarako, dauden ohiturak aztertuko ditugu, eta daukagun sarea osatu nahi dugu».
Online eta aurrez aurre
Bi bide daude herritarrek ekarpenak egiteko. Bata, online inkesta bidez. Dagoeneko sarean dago, www.ordizia.eus webgunean eta bertan sartuta edonork eman ahalko du bere iritzia. Inkesta hau euskaraz eta gazteleraz bakarrik ez, ingelesez, frantsesez, errumanieraz eta arabieraz dago.
Beste aukera da, aurrez aurreko saiora inguratzea. Datorren asteazkenean, hilak 18, Ordiziako udaletxeko batzar areto nagusian izango da, 18:00etatik aurrera.
Hiru fase
Azaldu duten moduan mugikortasun plana eguneratzeko prozesuak hiru fase izango ditu: oraintxe abiatu duten diagnosia; proposamenak egiteko fasea, non diagnosian jasotakoa ere agertuko duten; eta aurkezpena, taldean proposamenak komentatzeko aukera izango da.
Maiatzaren 19an egingo dute saioa Legorretan
Datorren ostegunean, hilak 19, Legorretako Mugikortasun Plana osatzeko parte hartze saioa egingo dute, 18:00etan udaletxean. Saio honetan herritarren ekarpenak jaso nahi dituzte. Endara ingeniaritza taldea kontratu du udalak plan hau egiteko, eta helburu nagusia da, herritarren bizi kalitatea hobetzea eta herri biziago bat sortzea.
Bide horretan, ondorengo gaiak landuko dituzte: Espazio publikoaren erabilera orekatzea motordun ibilgailuen eta besteen artean; haur, adineko eta elbarriei mugikortasuna erraztea; eremu arriskutsuak desagertzea eta berriak ez sortzea; garraio publikoaren erabilera bultzatzea; norberaren mugikortasuna alderdi arduratsuagoetara eta iraunkorragoetara bideratzea eta bultzatzea; eta, herriko saltokiak eta oro har herriko jarduerak bultzatzea.