Jesus Izagirre gudariaren hezurkiak familiari emango dizkio udalak etzi Gabirian
Ekitaldi herrikoi batean, Bizkargin hil zutenetik 85 urte beteko diren egunean itzuliko da etxera. Unidad Alavesak kantu bat egin die 'Gabiriako seiei'. Udaberri Kulturalean, asteburu betea
Gerra bat, diktadura bat eta beste hainbesteko aro politiko luze bat igaro behar izan dira 1936ko Gerran hildako gabiriar gudari bat atzera etxeratu dadin. Jesus Izagirre Artsuaga Amaiur batailoiko sarjentuaren (Igeribarrerrota, Gabiria, 1910-6-3 — Bizkargi, Bizkaia, 1937-5-15) hezurrek eta haren familiak aukera hori izango dute. Etzi, igandea, jasoko dituzte gorpuzkiak, Gabiriako Udalaren partetik.
Ekitaldi herrikoi bat antolatu dute, igandean 12:30ean hasiko dena. Aurrez, 11:15ean, meza izango da. Famliartekoei txistulariek ongietorria, bertsolarien harrera, udaleko eta familiako ordezkarien hitzartzeak, eta Unidad Alavesa musika talde ataundarraren saiotxo bat izango dira. Gabiriako seiak kantua egin du taldeak, Bizkargi mendian hil ziren sei gudari gabiriarren omenez. Beste pare bat pieza ere joko dituzte.
Jesus Izagirreren hezurkiak lehengo ostegunean, maiatzak 5, entregatu zizkioten Gogora institutuko Aintzane Ezenarrok eta Aranzadi zientzia elkarteko Loudes Herrastik Gabiriako Udalari. Kaxa batean ekarri zituzten. Lau DNA frogak baieztatu dute iaz Derioko hilerrian desobiratutako hezurdura Izagirrerena zela. Herrastik gehitu zuen buruhezur barrenean heriotza eragin zion tiroaren sarrera eta irteera arrastoak edukitzea ere argigarria suertatu zaiela.
Nare eta Gazte Eguna
Asteburuan ekitaldi gehiago ere izango dira Gabirian. Udaberri Kulturalaren barruan, gaur Nare talde legazpiarrak kontzertua egingo du, kultur etxe azpian, 19:00etan. Antton Iriarte gazte gabiriarrak jotzen du taldean.
Bihar, berriz, V. Gazte Eguna ospatuko dute, gazteek. Gosari-solasaldia (09:00), pilotan apustua (11:30), bazkaria 40 bat lagunekin (14:00), bingoa, poteo musikatua (19:00), eta Nikotina talde tolosarraren eta Bassagain Original-en kontzertua (23:00) antolatu dituzte.
Iganderako iragarritako Dantza dokumentalaren emanaldia ekainaren 3ra atzeratu dute.
Idi proba igandean
San Isidro egunean, baserritarrek Korta jatetxean egingo dute bazkaria. Biharko eman behar da izena, bertara deituta. Aurretik, idi probak egingo dituzte, Kortaren uztarrien artean.
Giza eskubideen inguruan frontoian murala margotzen ere aste honetan bukatu dute eskolakoek eta herritarrek. Jokin Telleriak errepasatuko du orain.