UEMAra batzeko deia egin dute Udalerri Euskaldunen Egunean Seguran
Eguerdi partean egin dute ekitaldi instituzionala non HItz edo irri euskaraz elkarri euskara elkarteari aitortza egin dioten. Ekitaldiari amaiera emateko Udalerri Euskaldunen Egunerako sortutako abestia zuzenean jo dute. Arratsalderako ere egitarau oparoa dago.
Giro ederrean ari dira ospatzen Udalerri euskaldunen eguna Seguran. Egun osorako egitaraua antolatu dute gaurko. Erabateko elkarlanaren emaitza da ospakizun hau; herriko eragile guztiek auzolanean sortua izan da. Izarra Urdalleta Segurako alkateak azaldu duen moduan “euskaraz bizi garen herrien eguna da gaurkoa, eta oso gustura gaude horregatik, eta gaurko eguna antolatzeko herriak erakutsi duen inplikazioagatik”. Segura UEMA-Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kide delako ere “harrotasuna” adierazi du; “Seguran euskaraz bizi gara, euskalduna da, euskaltzalea da eta izaera horrek ematen digu harrotasun bat, gaurko eguna da horren adierazle”.
Hitanoaren alde Seguran egiten ari diren lana ere nabarmendu nahi izan du alkateak: “Hitanoaren erabilpenak behera egin du, eta Hitz edo irri euskaraz elkarri euskara elkartea lanketa sakona egiten ari da horren inguruan, aipatu, hitanoaren inguruko jardunaldia antolatu dutela gaurko, eta ea denon artean hitanoari bultzada emateko gai garen”. Aipamen berezia egin die euskara elkartekoei, hitanoaren alde egiten ari diren lanagatik, bai gaurko eguna antolatzeko egin duten lan guztiagatik. Gauzak horrela, gaur egin duten ekitaldi ofizialean omenaldia egin diete. Oholtza gainean, Felix Lardizabalen bertsoa duen oroigarria eta haritza zuhaitz landare baten entrega egin diete elkartekideei.
Iraitz Lazkano UEMA-ko lehendakari eta Elgetako alkateak adierazi du “egun pozgarria” dela; “lau urteren ondoren Udalerri Euskaldunen Eguna ospatzeko aukera izango dugulako”. UEMA-ren partetik esan du “gaurkoa ez dela UEMA-ko kideen eguna bakarrik, udalerri euskaldun guztien eguna baizik, horregatik Euskal Herrian dauden 188 udal euskaldunetako kideei UEMArekin bat egin dezaten dei egiten diegu, guztien artean sare handi sor dezagun, euskararen lurgunea sendotzeko eta hizkuntz politika indartsuak aurrera eramaten jarraitzeko”.
Ekitaldi instituzionala
Ekitaldi nagusian, euskalgintzako eta erakunde publikoetako hainbat ordezkari izan dira. Josune Zabala Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politika Sailburuordetzako
Hizkuntza ikerketa eta koordinazio zuzendaria, Garbiñe Mendizabal Gipuzkoako Foru Aldunduko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendaria, Paul Bilbao Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusia, Urko Aierbe Euskal Herrian Euskaraz elkarteko kidea, Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko lehendakaria eta Aize Otaño AEK-ren ordezkaria, bertan izan dira, beste hainbaten artean.
Segurako alkate Izarra Urdalletaren hitzen ondoren, Hitz edo Irri Euskaraz Elkarri euskara elkarteak urte askoan egindako lana aitortu eta omendu dute UEMAk eta Segurako Udalak.
Ondoren, ekitaldian bildutako alkate, zinegotzi, euskaltzale, erakunde publikoetako ordezkari eta euskalgintzako eragileen babesarekin, UEMAko lehendakari Iraitz Lazkanok hartu du hitza.
Ekitaldiaren amaieran, Udalerri Euskaldunen Egunerako sortutako abestia zuzenean jo dute Segurako hainbat musikariren artean, Azpilla dantza taldeko kideen laguntzarekin.
Behin ekitaldia amaituta, festa giroan murgildu da erabat Segura. Iparra-Hegoa elkarteak prestatutako bazkari herrikoia izan da.
Arratsaldean, berriz, haurrentzako puzgarriak, Ion Martinezen bakarrizketa, Eidabe taldearen Futbolariak eta printzesak ikuskizuna eta toka eta bolo txapelketa izango dira. Ondoren, Bada giro! taldearen erromeriarekin emango diote egunari amaiera.