Elikaduraren munduari arreta jarri dio Landarlanek, bigarren ikuskariarekin
Ingurumen elkarteak 'Zure platerean hasten da mundua' dokumentala ekoitzi du, On Produkzioekin batera. Jateko eta kontsumitzeko ohiturez hausnarketa eragin nahi du
Aralar, mundua leku den lurra dokumental txalotuaren eta sarituaren ondotik, Landarlan ingurumen elkarteak eta On Produkzioek beste ikuskari bat ekoitzi dute, pil-pilean dagoen gizarteko gai bati ahotsa eta irudiak jartzeko: Zure platerean hasten da mundua. Urte eta erdiko lanaren emaitza da, eta atzo aurkeztu zuten, Donostian. Elikadurari, jateko ohiturei eta kontsumoari begiratu diote, zer, nola, nondik eta zer ondoriorekin kontsumitzen den gogoetatu eta aldaketa eragin nahian.
Elikagaien ekoizpenean eta kontsumo ohituretan jarri du begia Jon Fontenla zuzendari duen ikuskariak. «Gure jateko eta kontsumitzeko moduak, osasunean ez ezik, naturan nahiz urrutiko zein gertuko eremu sozial eta ekonomiko ugaritan eragiten du. Dokumentalarekin elikaduraren inguruko begirada zabaltzea da gure asmoa», azaldu zuen, atzo, Donostian.
Amaia Aierbe nutrizionistak ere gidoilari modura parte hartu du. Lanaren helburu bat, didaktikoa dela aipatu du: «Agroekologiaren begiradatik, bertatik, gertutik, natura ardatz izanda, txikitik, baserri bizigarrietatik eta harreman zuzenetik gu elikatzea helburu duten hiru ekoizle ezagutzeko aukera dago».
Urtebeteko epean grabatu dute, urtaro guztien zikloak jasotzeko, eta Euskal Herriko lau herrialdetako landetxe, ekoizle eta baserritarren ereduak sartu dituzte, dena ekologikoan dihardutenak.
Kontsumitzaileen platera
Ekoizleen lana ezagutarazteaz gain, kontsumitzaileen aldean ere jarri dute fokua. Hiru ekoizleekin batera, kontsumitzaile bat ere bada lanaren ardatz bat. «Elikatzeko eta kontsumo ohituren inguruko hausnarketa bultzatu nahi dugu, eta bakoitzak beretik, pauso txikiak ematera gonbidatu, beste mundu bateranzko aldaketan ezinbestekoa delako. Gure plateretik mundua alda dezakegula erakutsi nahi dugu», gehitu du Aierbek.
Ekoizpenaz Aloña Jauregi arduratu da, eta grabaketan jasotako esperientzia laburtu du: «Baserrietara joatea plazer handia izan da, asko ikasi dugu honekin ere. Ateak zabalik, beti prest bilatu ditugu. Benetako jendea eta proiektuak dira, barrutik eta sinistuta lan egiten dutenak. Pentsatzeko eta mundua ikusteko beste modu bat eskaintzen dute».
Hiru aktoreren loturarekin
Dokumentaleko lau ardatzen arteko lotura, hiru aktore goierritarrek egiten dute dokumentalean: Maitena Salinas, Maria Redondo eta Andoni Aizpuruk.
Partaide izan da EHKolektiboko lehendakari eta artzain Josebe Blanco antzuolarra ere. Ekologikoan ari diren ekoizleak agertzeko aukera eskertu du.