21. Zegama-Aizkorri Mendi Maratoia heltzear da
Gaur aurkeztu dute Zegama Aizkorriren aurtengo edizioa Donostian. Golden Trail World Series 2022-rako puntuagarria izango da. Lehen mailako parte-hartzea espero dute.
Zegama-Aizkorri Mendi Maratoiaren 21. edizioaren azken txanpa heldu da. Maiatzaren 29an egingo da eta gaur eguerdian aurkeztu dituzte xehetasunak Joseba Izagirre Zegamako alkateak, Maialen Arizkorreta Zegama-Aizkorriko komunikazioa zuzendariak, Harkaitz Millan Kultura eta Kiroletako diputatuak eta Jabier Larrañaga Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko diputatuak. Bi urteko etenaren ondoren, Zegama-Aizkorri 2022 formatu tradizionalean eta ohiko egunean itzuliko da. Golden Trail World Series 2022-rako puntuagarria izango da.
Aratz, Aizkorri, Aketegi eta Aitxuri zeharkatzen ditu ibilbideak. Zegama herritik Otzaurteko gainera joan eta mendi bide eta bidexka ederretatik igarotzen da, zuhaiztietan, harkaitz biziko eremu malkartsuetan eta goi mendietako larreetan barrena. Ibilbide teknikoa da, zailtasun handikoa. 5.472 metroko desnibel metatua du, eta gehienez 8 ordutan egin behar da 42,195 kilometroko luzera duen ibilbidea. Zegama-Aizkorri lasterketak beste bi proba izango ditu: batetik, Kilometro Bertikalaren 8. edizioa egingo da maiatzaren 27an, 16:00etatik aurrera; bestetik, maratoiaren egunean, maiatzaren 29an, 11. Zegama-Aizkorri Junior Trail proba ere jokatuko da.
Joseba Izagirrek prentsaurrekoan adierazi duenez, “Zegama-Aizkorri Mendi Maratoia kirol-egutegiko klasiko bihurtu da, eta lehen mailako parte-hartzea eta nazioarteko onarpena izan ditu”. Maratoia antolatzen duten boluntarioen lana azpimarratu du, haiek gabe “ezinezkoa” litzatekeelako: “Ezin ditugu ahaztu proba hau altruismoz posible egiten duten boluntario guztiak. 500 bat lagunek osatzen dute Zegama-Aizkorri Mendi Maratoiko puzzlea”. Jabier Larrañagak, aldiz, nazioartean duen oihartzuna nabarmendu du: “Zegama-Aizkorri Gipuzkoako bitxietako bat da, munduan kokatzen gaituen ekitaldia, eta gainera, gure herri txikien eta gure barrualdearen dinamismoa, auzolanaren balioak, gure ingurune naturalaren edertasuna eta mendi eta kirolarekiko dugun grina adierazten ditu”.
Ibilbidea seinaleztatuta egongo da, banderatxoak eta baliza-zintak jarrita. Kilometroko erreferentziak ere egongo dira ibilbide osoan. Antolakuntzak 13 kontrol puntu jarri ditu, eta nahitaezkoa izango da horietatik pasatzea, arauzko igarotze-kontrolak egiteko. Helmugakoaz gain, 13 hornidura-gune jarriko dituzte produktu energetikoak eta freskagarriak eskaintzeko. Ingurune naturala zaintzeko zabor-edukiontziak jarriko dira kontrol postuetatik 100 metrora gehienez.
Mendi maratoia ikusteko aukerak
Bi aukera izango dituzte mendi maratoia ikustera joan nahi dutenek. Lehenengo aukera zati bat autobusean egitea izango da. 7:30ean eta 8:00etan autobusa aterako da Zegamako plazatik eta trenaren geralekura igoko da. Interesa dutenek Sancti Spirituaino zuzenean igotzeko aukera izango dute pistatik, gidariaren laguntzaz. Bideak 6,3 kilometroko luzera du, eta 450 metroko desnibel positiboa. ltzearBigarren aukera, berriz, Zegamako plazatik abiatu eta oinez Sancti Spiritura igotzea izango da, Done Jakue bidea jarraituz. Gezi horiz markatuta dago. 6,9 kilometroko igoera da, 661 metroko desnibel positiboarekin.