Beasainek jasangarritasun energetikoan proiektu «anbiziotsuak» ditu abian
Antzizarren plaka fotovoltaikoen instalazioa udan hasiko da. Estandako beroari bigarren bizia emango diote. Sasietan parke fotovoltaiko bat eratzeko akordioarekin, denak ados
Beasaingo Udalbatzak babestu egin ditu udalak eraginkortasun energetikoaren inguruan dituen hiru ekimen: Antzizar kiroldegiko estalkian plaka fotovoltaikoak jartzea, Sasietan beste parke fotovoltaiko bat sortzea eta Fundiciones Estanda tokiko enpresak bere labeetan sortzen duen bero soberakina aprobetxatzea, Antzizar kiroldegian erabiliko den ura berotzeko. Leire Artola alkateak ekimen «anbiziotsuak» direla azpimarratu zuen.
Industria-energia termikoa baliatzeko kreditu aldaketa bat onartu beharra zuen udalbatzak. EAJk eta PSE-EEk alde bozkatu zuten. Eva Alvarez sozialisten bozeramaileak beasaindarrentzat «oso proiektu positiboa» dela arrazoitu zuen, «gastu energetikoa nabarmen murriztuko duelako. Gainera, era jasangarri batean». Funtsean, Fundiciones Estandako labeek sortzen duten bero soberakina igerilekuetako, dutxetako, berogailuetarako eta kiroldegiko gainerako instalazioetako ura berotzeko aprobetxatuko da. Udalak emandako datuen arabera, kiroldegiak behar duen beroaren %64 lortuko dute.
Proiektuaren atzean udalaren, foru aldundiaren eta Estandaren arteko lankidetza dago. Udalak adierazi du elkarrizketak «aurreratuta» daudela eta «datozen asteetan» sinatuko dela hitzarmena.
EH Bilduk abstentziora jo zuen. Hasier Agirre zinegotziak zehaztu zuen «gehienarekin ados» daudela, baina batera bozkatu ziren beste kreditu gehigarriek «zalantzak» sortzen zizkietela. Igartzako futbol zelaia berritzera bideratutakoak eta Dolareako ur parkeko mantenimendura bideratutakoak, kasu. Gainera, kreditu gehigarrien formulak aurrekontuak «desitxuratzen» dituela kexatu zen.
Beasaingo Udalak nabarmendu du Euskal Herrian proiektu aitzindaria dela eta, ondorioz, «mugarri» bat izango dela.
Beasaingo Udalaren eta Sasietaren arteko hitzarmenari ere argi berdea eman zion udalbatzak, aho batez. Sasieta Mankomunitateko batzorde errektoreak ere, bere aldetik, hitzarmena aho batez babestu zuen. Akordioak parke fotovoltaiko baten sorrera aurreikusten du mankomunitateko lurretan. Hortik, Sasietak bere energia elektrikoaren behar «osoa» estaliko du eta beasaindarrez osatutako komunitate energetikoa eratu ahalko da.
Beasaingo Udalak 400 familiako komunitate energetikoa sortu nahi du eta, hauen beharrak asetzeko, megawatt bateko instalazioa eraikitzea da asmoa.
Bi aldeek hartutako konpromisoak hauek izango dira: Sasietak eta udalak erdibana finantzatuko dute lurzoru horren kalifikazioa aldatzeko Plan Nagusiak eskatzen duen proiektua. Aldi berean, udalak bere gain hartuko du herritarrak ekimenera atxikitzeko baliabideak jartzea eta Sasietak lurzorua lehiaketa publikora ateratzeko betebeharra bermatuko du.
Antzizarren, abendurako
Antzizar kiroldegiko teilatuan plaka fotovoltaikoak jartzeko lanak esleitu ziren. Gobernu batzordeak onartuta, lanak Tapia Instalazio Elektrikoak S.L. enpresa arduratuko da instalazioaz, 311.823,94 (BEZ barne) euroren truke. Egikaritze epea 17 astekoa izango da.
Lan horrekin, autokontsumorako 300kW-ko eguzki plaka fotovoltaikoen instalazioa burutuko da. Plaka fotovoltaikoek jasoko duten eguzki-energiaren bitartez, eraikinak kontsumitzen duen energiaren %31,1 lortuko da. Aldi berean, urteko 131.645,37 kg CO2ren isurketa saihestuko da atmosferara, edo beste modu batera adierazita, urtean 14.627 zuhaitzek xurgatzen duten CO2 kantitatea. Instalakuntzaren aurreikusitako bizi iraupena 25 urtekoa izanda, guztira 3.290.000 CO2 Kg atmosferara isurtzea saihestuko da. Gauzak ondo bidean lanak udan hasiko dira eta urte amaierarako prest egongo da. Inbertsioa zortzi urtetan amortizatzea espero du udalak.
Udalak gogorarazi du Mugikortasun Iraunkorreko Plana eta Klimarako eta Energia Jasangarrirako Ekintza Plana esku artean dituela.